Gorka Urbistondoren bertsoa izan da onena 'Bota bertsoa' lehiaketan

Uztarria.eus 2009ko mar. 17a, 11:03

Eta gero zer? gaia erantzun behar zen

Guztira 30 bertso jaso dituzte antolatzaileek

Erniarraitz Bertso Eskolak antolatutako Bota Bertsoa lehiaketako sariak banatu zituzten larunbatean Urola Kostako Hitzak antolatutako bertso saioan. Erniarraitzek antolatutako bertso astearen barruan, eta herritarren parte hartzea bultzatzeko helburuarekin, Eta gero zer? gaiari bertsoa jarri eta herriko tabernetan jarritako kutxetan utzi edo e-postaz bidali behar zen.

Guztira 30 bertso jaso dituzte antolatzaileek. Gorka Urbistondoren bertsoa izan da onena eta horri esker bi lagunentzako afaria irabazi du. Laxaro Azkunek lortu du bigarrengo saria, Gipuzkoako Txapelketako DVDa. Iñigo Mendiak, berriz, bertso originalenaren saria eskuratu du eta Bertsolari aldizkariaren urtebeteko harpidetza bereganatu du.

1. saria , Gorka Urbistondo

Nere burua, etorkizuna

erregistratzen ari da,

uste ez arren, mila arazo

triste pilatu ohi dira,

xoxik ez daukat, etxea falta...

alokairuari tira,

paella triste batek Igandez

edertzen dit kalejira,

lagunak onak tokatu zaizkit

denak hain onak balira...

uste baino askoz aberatsago

nago gerora begira!!!

2. saria, Laxaro Azkune

Eta gero zer? dio gazteak,

ikasketak amaitzean,

eta gero zer?, neska-mutilek

bien bizitzak lotzean,

eta gero zer?, aitak ta amak,

beren umeak haztean.

Geroaren ametsean,

gaztetan nahiz zahartzean,

jarri ohi gara trantzean.

Galdera latz hau, hor darabilgu

beti gure bihotzean.

"eta gero zer?, bizitzan zehar,

eta gero zer?, hiltzean".

3. saria, Iñigo Mendia

Maitasun kontuekin

beti nabil ero,

neska bat ezagutu

ta jarri naiz bero.

Etxea ta umeak

lo falta gauero,

hipotekatu nintzan

ta zer egin gero.