Valentin Garciak irabazi du XXX. argazki lehiaketa

Uztarria.eus 2009ko mar. 14a, 14:03
Gaur (larunbata) egin dute sari banaketa, udaletxean. Ezkerretik laugarrena da Valentin Garcia. Behean 'Sokamutilen tentsioa' argazki irabazlea.

Sokamutilen tentsioa argazkiari esker 365 euro eta garaikurra eskuratu ditu

Guztira 21 partaide izan dira eta 115 argazki aurkeztu dituzte

Sokamutilen tentsioa irudikatzen duen argazkiarekin irabazi du Valentin Garciak Azpeitiko argazki elkartearen XXX.argazki lehiaketa. 21 partaidek hartu dute parte lehiaketan, eta guztien artean 115 argazki aurkeztu dituzte. Azkenean, epaimahaiarentzat Garciaren argazkia izan da onena eta horri esker 365 euro eta garaikurra eskuratu ditu.

Bigarrengo saria Juan Mari Ibarzabalek lortu du. 235 euro eta garaikurra eraman ditu etxera, Aldezak hemendik izeneko argazkiari esker. Hirugarrengo tokian Juan Mari Amenebar Otola gelditu da. Nik ez diat ezer ein da argazkiaren izena eta garaikurrarekin batera, 200 euro bereganatu ditu.

Amenabarrek urtero ematen den Iñaki Joaristi Altzarte sari berezia ere irabazi du. Inauteri giroa egokien jasotzen duen argazkiarentzat izaten da eta aurten Hemen dator izeneko argazkiak eraman du. Egileak 150 euro irabazi ditu sari honengatik.

Erakusketa

Saritutakoen berri gaur, larunbata, eman dute Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek, udaletxean, argazki lehiaketaren erakusketa zabaltzearekin batera. Espazio faltagatik, aurten ez dira egongo argazki guztiak erakusketan, baina antolatzaileen arabera, "oso aukeraketa ona" egin dute. Martxoaren 28ra arte erakusketa zabalik egongo da, Udaletxeho beheko solairuan. Astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik eta larunbata eta igandetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara.

Irabazleak

SOKAMUTURRA

1. saria: Sokamutilen tentsioa

Egilea: Valentin Garcia

2. saria: Aldezak hemendik

Egilea: Juan Mari Ibarzabal

3. saria: Nik ez diat ezer in!!

Egilea: Juan Mari Amenazar Otola

4. saria: Tendidotik Ikusmira

Egilea: Joxe Ramon Larrañaga

5. saria: Zezen mamua

Egilea: Jexux Artola

INAUTERI GIROA

Inaki Joaristi Altzarte saria: Hemen dator

Egilea: Juan Mari Amenabar Otola