Mikel Gorrotxategi 'Alabier': "Trikitixa Elkartea ondo dago, baina elkarteko bazkideekin elkarlana sustatuko nuke"

Urola Kostako Hitza 2009ko mar. 6a, 10:03
Mikel Gorrotxategi. (Nerea Uranga)

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakaria da

"Trikiti Txapelketa Nagusia antolatzea erronka polita litzateke, 1991tik ez baita egin"

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakari izateko, aurretik "kanpaina" egin beharrik ez duela izan dio Mikel Gorrotxategi Alabier (Azpeitia, 1980) pandero-jotzaileak. Joan den otsailaren 28an egin zuten Euskal Herriko trikitixa Elkarteko Batzar Nagusia eta orduan berritu egin zuten zuzendaritza, Gorrotxategi lehendakari karguan jarriz; Alaitz Telletxearen lekukoa hartu du.

Lehendakari kargua hartu berri duzu, zer moduz?

Bai, hala da. Niretzat berria da eta ikusi egin beharko. 400 bat bazkide gaude elkartean, baina hor gaineanhamar bat lagun gaude, eta horien artean hartutako erabakia da.

Elkartearen erronkak zein dira?

Orain arte gauza asko egin da, baina gehiago egiteko asmoa ere badago. Urtearen hasieran balantzea egiteko Batzar Nagusia egiten dugu eta, horren ondoren, Sanjosetako Trikiti jaialdia antolatzen dugu. Bestalde, Faborez 03diskoa grabatuta dago dagoeneko eta udaberri aldean kaleratuko dugu. Faborez trikitilari gazteak ezagutarazteko ekimena da; diskoetxeek diskoa grabatzeko aukera handirik ez dutenez ematen, elkarteak berak ematen du aukera eta horrekin segitzeko asmoa dugu. Gero, irailaren bigarren astean, Donostiako Euskal Jaien barruan jardunaldiak egiten ditugu, urtero gai bat hartuta. Azaroaren bueltan, berriz, Nazioarteko Jaialdia antolatzen dugu, kanpotik soinu-jotzaileak- eta ekarriz. Gainera, Durangoko Azokan ere egoten gara.

Horretaz guztiaz gain, baditugu egitasmo berriak ere. Adibidez, trikitilari zaharrei elkarrizketak egin nahi dizkiegu, gero artxibo horiek elkartean gordetzeko; horretan hasita gaude. Elkartean bilduta bideo eta argazki piloa dago eta Interneten daude www.trikitixa.net helbidean. Beste egitasmo bat martxan jartzeko asmoa ere badugu musika eskoletako irakasleekin-eta. Trikitia erakusten duten irakasleekin lan talde bat osatu nahi dugu, zenbat ikasle dauzkaten-eta jakiteko. Gainera, lan talde bat osatzen bada, Trikiti Egun bat antolatzeko asmoa ere badugu.

400 bazkide inguru ditu Euskal Herriko Elkarteak. Osasuntsu al dago?

Elkartea bera ondo dago, baina nik bazkideekin elkarlana sustatu egingo nuke, bazkideak parte hartzera bultzatu nahi genituzke. Gu geure gauzak antolatzen ari gara, baina gauza gehiago antolatzea ere egongo litzateke. Horietako bat Trikiti Txapelketa Nagusia da, azkeneko urteetan ez baita egin. Hori erronka polita dela pentsatzen dut, euskaldunoi lehiatzea gustatzen zaigulako. Txapelketa bultzatzeko prest gaude, baina horrek lan handia eta lan talde handia eskatzen ditu, eta gaur egun elkartean gauden lan taldetik ezin diogu heldu. Gazteentzako txapelketak egoten dira, baina behin 18-20 urte egiten dituztenean haientzako irtenbiderik ez dago: txapelketa nagusi bat egiten ez bada, erromerietan hasten ez badira, ez dute aurrera egiten. Tristea da ikasita dagoen gaztea hor gelditzea, aukerarik gabe.

Zenbat urtetan ez da egin txapelketa nagusirik?

Azkena 1991n-edo egingo zen, eta orduan Zabale anaiek irabazi zuten; haiek segitzen dute Euskal Herriko txapeldun izaten. Trikiti munduarentzako ere ona izango litzateke txapelketa antolatzea. Azken urteetan buruan dugun gaia da, eta ez dakigu nondik heldu horri. Azkenean, bazkideak trikitilariak eta trikitizaleak dira, eta denon erronka izan beharko luke horrek.

Eta trikitixa mundua bera nola dago?

Betiko galdera da hori. Nik okerrago egon dela esango nuke. Baina lehengo jendeak esaten duena entzunda, lehen erromerietan soinua noiz jotzen hasi zain egoten zen jendea dantzan hasteko; gaur egun horrelakorik ez dago. Badaude erromeria mantentzen duten toki zehatz batzuk; Azkoitian Martitten eta Aian Aristerrazun, esaterako. Orain, Aristerrazun jai iluntzetakoa jai arratsaldera pasatu dute eta nahiko gustura daude jende berria azaldu dela eta. Lehen 21:30etik 23:30era egiten zena, orain 18:30etik 21:30era egiten dute. Dena dela, zenbait tokitan jotzen jarduten duzu eta dantzarik ez du egiten jendeak, edota jenderik ez dago plazan, eta tristea da. Inoiz baino jende gehiagok daki dantzan, ikasitako jende gazte askok daki dantzan, baina ez dute dantzarik egiten. Gainontzean, trikitilari piloa dago eta ikasten ere asko dabil. Baina, aurrera irteteko aukerarik ere ez dute eta...

Jendeak dantza gutxi egiten duela diozu, baina festa askotan trikitilaririk gabe ez dago festarik.

Bai, baina guretzako ere dantzaririk gabe festarik ez dago. Ez da ederra inork dantzarik egin ez eta jotzen jardutea.

Trikitilarion denboraldia oraintxe hasiko da, ezta hala?

Bai, oraindik lasai antzean gabiltza, baina sanisidroetan hasi eta irailean sanmigelak arte dezente ibiliko gara plazaz plaza.

Azpeitian Sanjosetako Trikiti Jaialdia martxoaren 15ean izango da. Garai batean EITBk antolatzen zuen eta gero Trikitilari Elkarteak hartu zuen ardura. Zergatik?

Lehen ETBk antolatzen zuen, baina audientzi gutxi zuelako utzi egin zuten. Trikitiarentzako hitzordu garrantzitsua zela iritzita, Trikitixa Elkarteak hartu zuen antolatzeko ardura. Jaialdiak 700 lagun inguru biltzen ditu gaur egun. Elkartea antolatzen hasi zenean, Kiroldegitik Izarraitz pilotalekura aldatu genuen, Kiroldegian ez zelako ondo entzuten. EITBk pieza berrien txapelketa antolatzen zuen jaialdi horren baitan, baina gero hori utzi eta omenaldiak egiten hasi zen. Guk omenaldi horri heldu egin diogu, baina Elkarteak datorren jendearentzako antolatzen du jaialdia eta ETBk, batik bat, telebistarako jaialdia egiten zuen. Aspaldian plazara azaldu gabe dagoena erakartzen saiatzen gara, zerbait desberdina egiten.