Langile bat larri zauritu da, eraikuntza lanetan, Danonako industriagunean

uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 26a, 18:02

Kamioi batek ez harrapatzeko, jauzi egin eta bederatzi metrotik behera erori da, gaur goizean

Zaragozako enpresa batentzat ari zen lanean zauritutako langilea, 30 urtekoa

Azkeneko albistea (hilak 27, 14:35). Oso larri segitzen du

.L.M.P, 30 urtekoa eta Zaragozako Tecnotruck enpresarentzat lanean ari zena, larri zauritu da gaur, goizeko 09:00ak aldera, Danonako industriagunean Amenabar enpresa egiten ari den eraikuntza lanetan izan den istripuan.

Kamioi batek azpian ez harrapatzeko horma batetik salto egin du langileak eta bederatzi metroko altueratik behera erori da, Osalanen arabera.

Lan istripua gertatu denean, garabi batentzako oinarriak jartzen ari zen hainbat langile. Oinarri horiek aurretik kamioi batetik deskargatu dituzte. Une horretan, kamioiko gidaria kamioitik jaitsi da eta kamioia atzeraka egiten hasi da eta horma baten kontra jo du. Kamioiko gidariak ezin izan du berriro kamioira igo eta ibilgailua hiru langile lanean ari ziren horma aldera hasi da joaten. Hiru langile horietatik bik ihes egitea lortu dute; hirugarren langileak, berriz 1,15 metroko altuera zuen hormatik salto egin du, baina bederatzi metroko altueratik erori da, larri zaurituz.

Donostiako Ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatera eraman dute.

Aste honen barruan herrian gertatu den bigarren lan istripu larria dugu gaurkoa. Joan den astelehenean (otsailak 23) langile bat hil zen Urrestillan, hura ere eraikuntza lanetan ari zela.

Azkeneko albistea (hilak 27, 14:35). Oso larri segitzen du. L.M.P. langileak oso larri jarraitzen du. Donostiako Ospitalean daukate atzotik (osteguna), zainketa intentsiboetako unitatean.