Mozorro eta zezen festari agur

Mozorro lehiaketan taldekako lehen saria 'Munizitalak' taldea jaso zuen. (Nerea Uranga)

Aurten ere herritar ugarik irten du mozorrotuta Inauterietarako astelehen iluntzean

Atzo (asteartea) zezenaren hiletarekin, bukatu ziren festak

Inauterietako argazki bildumak albiste honetan ikusgai

Astelehen iluntzean helduen mozorro festa izan zen, eta azken urteetan ohi bezala, jende askok parte hartu zuen. Hala ere, ohikoak izaten diren talde batzuen falta antzeman da aurtengo mozorro jaian. Esaterako, azken urteetan irten izan duen talde handi batek ez du irten, joan den larunbatean Orin mendi istripuz hildako Aritz Odriozola mendizalea beraien taldekidea zutelako.

Dena den, mozorro lehiaketako epaimahaikoen esanetan, "koadrilaka mozorrotutakoak aukeratzeko lan gehiago izan da aurten. Banaka jantzitakoen artean aukera gutxiago dago: orijinaltasun aldetik-eta". Hori horrela, taldekako sarietan hirugarren saria bi koadrilen artean banatu zuten.

Mozorro festak atzo, asteartea, goiza arte iraun zuen. Astearteroko azokan ere, gaua luzatu zutenak ikusten ziren oraindik, baita herriko kaleetan ere. Atzo, goizean goiz eta arratsaldean, sokamuturra izan zen. Gorixo ganadutegiko zezenak ibili ziren.

Jabier Altuna Udaleko Festa batzordeburuaren esanetan, "festak orokorrean ondo joan dira; balorazioa positiboa da. Herritar askok parte hartu du. Hori bai, behin betiko balorazioa festak bukatutakoan egingo dugu, taldeekin hitz egindakoan". Altunak, astelehenean mozorrotutako haurren festan gozokirik gabe gelditu ziren haurrei eta haien gurasoei "barkamena" eskatu die. Atzo, asteartea, zezenaren hiletarekin datorren urtera arte agurtu zituzten Inauteriak.

Mozorro lehiaketako sari banaketa

Tabernak

Girotutako taberna. Pikua tabernak jaso zuen saria. Beldurrezko etxe bezala egokituta zegoen. 300 euroko saria jaso zuen.

Banakakoak

Lehen saria. Txakur paseatzaileak jaso zuen 200 euroko saria.

Bigarren saria. Amabirjin bezala jantzita zegoenak jaso zuen 150 euroko saria.

Higarren saria. 125 euroko saria piraguista bikoteak jaso zuen.

Taldekakoak

Lehen saria. Mila euroko saria Munizitalak edota udaltzain bezala mozorrotutako koadrilak jaso zuen.

Bigarren saria. Apirileko feria bezala mozorrotutako koadrilak jaso zuen 800 euroko saria.

Hirugarren saria. Epaimahaiak bi talderen artean banatu zuen 600 euroko hirugarren saria. Taldeetako bat, Aita Noel eta oreinen koadrila izan zen, eta, bestea, berriz, Kitarrista Taldea.

Inauterietako argazki bildumak ikusteko klikatu hemen:

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide