'Egunkaria auzia' ixteko eskatu dute berriro

Uztarria.eus 2009ko ots. 20a, 14:02
'Egunkaria auziko' auzipetuetako batzuk, gaur, Andoaingo elkarretaratzean.

Hainbat eragile bildu dira Andoainen elkarretaratzean

Bi auzi daude zabalik, eta 12 eta 14 urte arteko kartzela zigorrak eskatu dituzte auzipetuen aurka

Gaur (otsailak 20) sei urte itxi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria, eta gaur berriro elkartu dira Andoainen, Martin Ugalde Kultur Parkean, hainbat eragile, auzibidea ixteko eskatuz.

Bertan izan da, besteak beste, Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Euskara diputatua, baita Euskarazko Komunikazio Taldeko (EKT) hainbat azpeitiar langile ere.

Bi auzi daude zabalik: Egunkaria-ren itxiera ekarri zuen sumario nagusia batetik, eta auzi ekonomikoa, bestetik. Lehen kasuan akusatuta daudenei, Egunkaria-n "izandako ardurengatik", ETAko kide izatea egotzi diete. 12 eta 14 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatu dituzte haien aurka.

Auzia ixteko eskatu du Joan Mari Torrealdai auzipetuetako batek, eta une hauetan epaiketara bidean daudela gogoratu du. "Ingurura begira jartzen gara, adierazleren bat bilatu nahian, eta aurkitzen ditugunak ez dira onak. Ilegalizazio gehiago, 18/98koak bezalakoak kartzelan, antzerako akusazio oinarriekin diren beste batzuk ere barruan... Ez, ez dira adierazle onak. Ez dugu aurkitzen baikor izateko zantzurik".

2003ko otsailaren 20 hartan euskarazko egunkari nazionala itxi eta gero erantzuna handia izan zen Azpeitian ere. Euskarazko prentsa eta Azpeitia Uztarriaren liburuak dakar garai hura.

Urte bereko urrian egin zuten bigarren operazioa, eta bi azpeitiar atxilotu zituzten: Mikel Azkune Egunkaria S.A.ren Ardatz enpresako administraria da eta Eneko Etxeberria Egunkaria S.A.ren lege ordezkaria. Biak libre utzi zituzten orduan eta gaur egun ez dauzkate auzipetuta.