10 urteko bertso bidea

Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 13a, 10:02
Goiko argazkian, Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kide batzuk, Azpeitian elkartearen egoitza aurrean. Elkartearen leihoan bertsoa jartzen hasi zirenekoa da argazkia. Behekoan, Jokin Uranga.

1999an Gipuzkoako Herri Arteko Bertsolari Txapelketa jokatu zen; han ibilitako bertsozale batzuk gero Erniarraitz sortu zuten

Jokin Uranga: "Egun bat jartzea erabaki genuen bertsozale gazteek elkartu eta bertsoaz goza zezaten"

Duela hamar urte Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa jokatu zuten. Finalaurrekoa, Azpeitia-Landeta taldeak (Andoni Larrañaga, Leire Ostolaza etaXebaxtian Lizaso) jokatu zuen Zarautz-Jai Txiki (Andoni Egaña, Iñigo Manzisidor Mantxi eta Julen Zulaika) taldearen kontra Zarautzen, azaroaren 28an. Orduan, Zarauzko taldeak lortu zuen finalera pasatzea, 33 puntuko aldearekin. Finala, berriz, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatu zen 1999ko abenduaren 19an. Orain hamar urte, Zarautz-Jai Txikikoak izan ziren txapeldunak.

Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketak hondarrak utzi zituen Urola bailaran. "Herriarteko Txapelketaren bueltan ibilitako hemen inguruko jendearekin txapelketa bukatu zenean afaria egin genuen Añotan. Han, Imanol Lazkanok ea lan harek segitzerik ez al zuen merezi galdetu zuen. Halaxe, batzuk prest azaldu ginen jarraitzeko. Martxan hasi ginen elkarte bat sortzeko estatutuak-eta egiten", kontatzen du Laxaro Azkunek. Hala, lanean segitu, estatutuak egin eta 2000ko otsailaren 1ean sortu zuten ofizialki Erniarraitz Bertsozale Elkartea. Lanean hasi zirenetik hamargarren ekitaldiari ekin berri diote bertsozaleek eta urtebete barru hamargarren urteurrena beteko du Azpeitia, Azkoitia eta Errezil biltzen dituen Erniarraitz Bertsozale Elkarteak.

Herriarteko Bertsozale Txapelketa batean lanean hasi eta herri arteko bertsozale elkartea sortu zuten Urola bailarako hainbat bertsozalek. Hasieran Erniarraitzek Ernioren eta Izarraitzen bueltako lau herri biltzen zituen: Azkoitia, Azpeitia, Errezil eta Zestoa. Geroxeago, ordea, Zestoako bertsozaleek euren martxari heldu zioten.

Erniarraitz Bertsozale Elkartea honako helburuekin sortu zuten: bertsolaritzari eskolatik hasi eta helduen garaira arte laguntzea, herrian bertsoaren sua bizirik mantentzea; bertsozale berriak sortzea eta, nahi eta ahal dutenei, bertsolari izateko aukera ere eskaintzea. Bertsozale Elkartearen hasierako asmoak "gehiago edo gutxiago" aurrera eraman dituzte.

Bueltan 200 lagun inguru

Gaur egun. Erniarraitzen bueltan 9-10 urteko haurretatik hasi eta 72-75 urteko helduak arte dabiltza. "200 bat lagun ibiliko gara elkartearen inguruan, hasi eskolarteko bertso eskoletatik eta elkartean bertan biltzen garen kideoak arte", dio Ixabel Jauregik, Erniarraitz Bertsozale Elkartekoak. Jauregi batik bat eskolarteko bertso eskoletaz arduratzen da. Elkarteak lehendik zegoen bertso giroari jarraipena eman ziola azaldu du Jauregik: "Garai batean izan zen Azpeitian Landetako Unibertsitatea, eta Azkoitian ere bazegoen bertso giro hori. Errezilgatik zer esanik ez, gure oinarri-oinarria da, horko hizkuntz jatortasuna... Elkarteari ere Erniarraitz izena herriarteko horrek ematen dio". Jauregiri berari, Joanito Dorronsoro zumaiarrarengandik datorkio bertsozaletasuna. "1983an Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain irakasle batzuk ikastaro bat egin genuen Dorronsorerekin, eta hortxe zaletu nintzen; geroztik bertsolaritza bizi egiten dut", kontatzen du.

Iraganekoari helduz aurrera

Erniarraitz sortu aurretik Azkoitian, Azpeitian... baziren bertso eskolak. "Goierriko beste elkarte batzuekin elkartzen ginen eskolarteko bertso afariak egiteko. Azpeitian Zaldubi-k ematen zituen eta Mikel Mendizabal ere etortzen zen Ikastolen Elkartetik", gogorarazten du Jauregik.

Bihar bertan Gipuzkoako Bertsolari Gazteen Eguna ospatuko dute Azpeitian, Bertso Astearen baitan. Erniarraitzek, Bertso Asteaz gainera, sortu zenetik hainbat eta hainbat ekimen jarri du martxan: bi urtetik behin egiten den Bertsolari Gazteen Erniarraitz Sariketa, gabon-eskea, Txapelen omenezko saioa, Bertso-parranda... Hurrengo erronka, garai batean udaberri aldean Azkoitian egiten zen bertso jaialdia berreskuratzea du. Horretan ari dira.

Egitaraua

Otsailak 14, bihar. Gipuzkoako Bertsolari Gazteen Eguna, Azpeitian.

  • 12:00etan, bertsolari gazteak bilduko dira herriko plazan.
  • 12:30ean, herriarteko lehia herriko tabernetan.
  • 14:30ean, bazkaria, Gaztetxean.
  • 17:00etan, bazkalondoko bertso ekitaldia.
  • 19:00etan, Kupela taldearen saioa, Gaztetxean.

Otsailak 18, asteazkena. Azkoitian.

19:30ean, Kultur Etxean. Hitzaldia, gaia: Zer da gai-jartzea? Nola egin saio txar bat gaien erruz. Hizlariak: Unai Elizasu eta Andoni Egaña.

Otsailak 27, ostirala. Errezilen.

20:00etan, Borondegi jatetxean, Bertso zakutoa. Bertso zahar eta berrien afalondoko kantaldia. Antton Iztuetak okasiorako egindako bertso zahar eta berrien bilduma.

Martxoak 14, larunbata.

Azpeitian. 22:30ean, Izarraitz pilotalekuan. Urola Kostako Hitza-ren V. urteurreneko bertso saioa. Bertsolariak: Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Jon Maia, Uxue Alberdi, Joan Jose Eizmendi Loidisaletxe eta Jokin Uranga. Gai-jartzailea: Xabier Azpillaga.

Bota Bertsoa

Lehiaketa. Bota Bertsoa lehiaketa abian dute Erniarraitz Bertsozale Elkartekoek.

  • Otsailaren bukaera arteko epea dago bertsoak bidaltzeko. Bertsoak tabernetan jarri dituzten kaxetan utz daitezke (norberaren datuekin, telefonoa barne) edota martxoaren 8rako erniarraitz@hotmail.com helbidera bidal daitezke.
  • Gaia: Eta gero zer?. - Bakoitzak nahi beste alditan har dezake parte.
  • Sariak: Lehen saria: Landetako Mendizabal jatetxean bi lagunentzako afaria. Bigarren saria: 2007ko Gipuzkoako Txapelketako DVDa. Eta hirugarren saria, bertso originalenari: Bertsolari aldizkariko urtebeteko harpidetza.
  • Sari banaketa: martxoaren 14ko bertso saioan emango dituzte.

Jokin Uranga (Bertsolaria)

"Egun bat jartzea erabaki genuen bertsolari gazteek elkartu eta bertsoaz goza zezaten"

Jokin Uranga (Azpeitia, 1980) txikitatik aritu izan da bertsotan. Lizardi (2000) eta Erniarraitz (2004) sariak irabazi ditu. 2005eko Txapelketa Nagusian eta 2003ko Gipuzkoako Txapelketan finalaurretara iritsi zen. Gaur egun bertso irakaslea da Hezkuntza arautuan eta Erniarraitz Bertsolari Elkarteko sortzaile eta kide da.

Zein ibilbide izan du Erniarraitzek?

Argi genuen Azpeitian goi-mailako bertsolari asko zegoela: Sebastian Lizaso, Imanol Lazkano, Jose Luis Gorrotxategi, Joan Joxe Eizmendi Loidisaletxe eta beste asko. Baina ez zegoen, bertso eskolei zegokioenez, ezer egituratuta; gazteok helduekin ere ez geneukan harremanik. Bertsolariak bazeuden, baina bertso mugimendurik ez. 1999an, ordea, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak herriarteko txapelketak egitea proposatu zuen. Horrek bultzatu gintuen Azpeitian taldea sortzera eta bertsolari zaharrekin elkartzera. Bailarako bertsolariak elkartuta, lan txukun bat egiteko aukera bazegoela ikusi genuen; hortik sortu zen Erniarraitz.

Aurretik ez al zegoen inolako bertso talderik edo bertso eskolarik?

Bazegoen bat, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain. Baina irakaslea Idiazabaldik etortzen zen eta ez zegoen oso ondo antolatuta; batez ere, herrian hainbeste bertsolari egonda kanpoko norbaitek etorri behar izaten zuelako, nahiz eta harekin oso gustura egoten ginen. Erabaki genuen bailarako bertsolariok geure bertso eskolak sortuko genituela.

Nola antolatu zenituzten hasierako bertso eskola haiek?

Errezilen bi talde osatu ziren, Azkoitian lau talde sortu ziren eta Azpeitian sei-zazpi talde egon izan dira, haurrak eta helduak batuta; talde batzuk seikoak, beste batzuk hamar-hamabi ikaslekoak. Eta ikasle horiek sailkatzeko orduan zenbait irizpide hartzen da kontuan: adina; bat-batekoa ala idatzian diren abilak; plazara begira al dauden ala bertsoaz gozatzera soilik joaten al diren, adibidez.

Bihar, larunbata, Bertsolari Gazteen Eguna ospatuko dute Azpeitian. Nondik sortu da ekimen hau?

Guk 16-17 urte genituenean bertsolari gazteok topaketak-eta egiten genituen. Gaur egun ikusten dugu gure inguruko gazteak udalekuetara joaten direla, baina bestelako topaketarik ez dela egiten. Horregatik, egun bat jartzea erabaki genuen, bertsolari gazteek elkartu eta bertsoaz goza zezaten.

Zenbat jende espero duzue?

Berrogeita hamar bat bertsolari izango gara guztira. Añorga, Hernani, Bergara, Zarautz, Zumaia eta Oriotik datoz bertsolariak.

Gustura al zaudete urteurren ospakizunekin?

Bai, gustura gaude. Dena den, hasieran uste baino lan gehiago ematen du. Antolatzen hasten zarenean dena erraza iruditzen zaizu, baina bai bertsolariak bai jendea oro har bertsoekin nekatuta ere egon daitezkeela uste dugu. Urtarrilean Hamaika Bertute Eguna ospatu zuten bertsolari batzuk Zarautzen, hurrengo astean Bertso Eguna izan zen Donostian, ondoren sansebastianak eta datorren astean herri askotan inauteriak dira. Festa dago edonon eta dirua behar da, eta gazteek are gehiago.

Nola egin duzue Bertsolari Gazteen Egun honetan parte hartzeko deialdia?

Helbide elektroniko bat jarri genuen jendeak izena eman zezan, baina, denbora joan ahala konturatu ginen ez zuela funtzionatzen eta jendeari deitu beharra zegoela. Erakarri egin behar da nolabait.

Bertsolaritza bizirik dagoela esan al genezake?

Bai, oso bizirik dago eta indartzen ari dela ere esango nuke. 90eko hamarkada hasieran plazetan 700 pertsona baino gehiago egon zitezkeen bertsoak entzuten; gaur egun 250 izango dituzu, agian, baina bertsolaritzak askoz ere pisu handiago du egunerokoan. Taberna giroan, bazkari-afarietan eta bestelako hainbat unetan presente daude bertsoak. Azpeitian, adibidez, izugarrizko arrakasta izaten du bertso-parrandak. Lehen, agian, goraino beteko zen Soreasu Antzokia, baina inoiz ez zen mugitu bertso-parrandak mugitzen duen masarik. Jendea kaleraino egoten da tabernetan; modu batean, bertsolaritza herrikoitu egin dela esango nuke, guztiona dela orain.