Jaione Unanue deklaratzera deitu dutela-eta manifestazioa egingo dute

Urola Kostako Hitza eta uztarria.com 2009ko ots. 5a, 11:02

Manifestazioa bihar (ostirala) izango da, 19:30ean, herriko plazatik irtenda

Azpeitiko ezker abertzaleak "Euskal Herriaren aldeko lanean tinko eusteko" dio

Askatasuna alderdi politikoaren lotuta Baltasar Garzon Espainiako Audientzi Nazionaleko epaileak Jaione Unanue Kuka azpeitiarra deklaratzera deitu du bihar. Harekin batera, beste hamabi lagun ere deitu ditu, Demokrazia Hiru Milioi (D3M) eta Askatasuna alderdi politikoarekin lotuta. Azpeitian hori salatzeko manifestaziora deitu dute bihar, 19:30ean, herriko plazatik irtenda; aurretik herri batzarra egingo dute. Kriminalizaziorik ez! Independentistok aurrera lelo hartuta egin dute deia.

Azpeitiko ezker abertzaleak idatzi batean adierazi duenez, "bere babesa eman nahi dio Jaioneri eta Euskal Herriaren aldeko lanean tinko eusteko" mezua zabaldu nahi izan du. "Hauteskunde autonomisten atarian gauden honetan, Euskal Herriko salbuespen egoera inoiz baino nabarmenagoa da. Argi uzten digute eraso eta oztopo guzti hauekin proiektu politiko bat deuseztu nahi dutela, proiektu ezkertiar eta abertzalea hain zuzen".

Ezker abertzalearen kideen hitzetan, "Espainiako gobernuak errepresioaren bideari tinko heldu dio, hauteskundeetan bozka independentistak egon ez daitezen bere makineria guztia martxan jarria dauka". Taldearen ustez PNVk beldurra dio bozka abertzaleari eta gatazka politikoari konponbidea emango dioen eskenatoki demokratikoari. "Ez dute lortuko herritarrek daukaten aldaketa politikorako grina ezkutatzea, alferrik dabiltza agorturik dagoen marko autonomiko zatikatzaile eta eskubide urratzailearekin", adierazi dute.