Santa Ageda bezperan, bertsoz eta kantuz beteko dira bazterrak

Urola Kostako Hitza 2009ko ots. 4a, 10:02
Goiko argazkian, Urola Ikastolakoak santa eskean Uztaro haur eskolan, iaz. Erdikoan, Iraurgi ikastetxekoak San Martin egoitzan, aurreko urtean. Beheko argazkian, Ikasberri Azpeitiko Ikastolakoak santa eskean Sanjuandegiko taberna

Ikastetxeetako ikasleek eta Matxinbentako auzotarrek santa-eskean irtengo dute

Herriko kaleetan eta baserrietan ibiliko dira

Santa Ageda egunaren bezpera da gaur, asteazkena, eta goizetik hasita, aspaldiko ohitura zaharrei eutsiz, doinuz eta bertsoz beteko dira herriko kaleak eta baserri atariak, santa-eskean dabiltzan taldeei esker.

Matxinbentako auzotarrek, azken urteetan bezala, santa eskean irtengo dute gaur goizean, Laja eta Izeta trikitilariekin eta Loidisaletxe bertsolariarekin. Iluntzean, santa-eskekoak Matxinbentara itzuliko dira eta erromeria egingo dute.

Azpeitiko ikastetxeetako haurrek ere koplak abestera irtengo dira. Ikasberri Ikastolako DBH 3. eta 4. mailako ikasleak 15:00etatik aurrera Loiola auzoko etxeetatik eta baserrietatik bira egingo dute. Haur eta nagusian, berriz, 19:15etik aurrera herriko kaleetan ibiliko dira.

Iraurgi Ikastetxeko Haur Hezkuntzakoak San Martin Egoitzara joango dira abestera, eguerdiko hamabietan. Arratsaldean, berriz Lehen Hezkuntzako ikasleek eta irakasleek 16:30etik aurrera koplak abestuko dizkiete ikastetxeko patiora hurbiltzen diren guraso eta familiartekoei.

Azpeitiko ikastola Karmelo Etxegaraiko ikasleek ere santa-eskean aterako dira. Urola Ikastolako eta Karmelo Etxegaraikoak Haur Hezkuntzako eraikinera joango dira eta bertan denek batera koplak abestuko dituzte.