Kontzientziak astintzeko irudiak

Urola Kostako Hitza 2009ko urt. 23a, 19:01

Azpeitiko Gaztetxeak antolatu duen II. Argazki Rallyan izena emateko epea zabalik da, otsailaren 4a bitartean

Kontsumismoa, beldurra eta euskal kultura izango da gaia

Azpeitiko Gaztetxeak II. Argazki Rallya antolatu du, Kontsumismoa, beldurra eta euskal kultura gaitzat hartuta, inguruko irudi onenak bildu asmoz. Taldekako lehiaketa izango da, eta gutxienez bi eta gehienez lau lagunez osatuta egongo dira taldeak.

Talde bakoitzak hamar euro ordaindu beharko ditu argazki lehiaketan parte hartzeko. Diru horrekin, erabili eta botatzeko kamerak eta argazkien errebelatua ordainduta geratuko dira. Aipatu kamarekin 27 argazki ateratzeko aukera izango dute argazkilari zaletuek.

Izena emateko azken eguna otsailaren 4a izango da. Lehiaketan parte hartzeko interesa dutenek izena emateko orria bete beharko dute lehenik eta behin. Azpeitiko honako tabernetan eskura daitezke inprimakiak: Txarrantxa, Orkatz, Korrale, Etxe-Zuri, Intz eta Lokotxen.

Aukeraketa eta sari banaketa

Antolatzaileek otsailaren 4an banatuko dituzte lehiaketan erabili behar diren kamerak. Gaztetxean bertan emango dute materiala, 19:00etatik aurrera. Horrenbestez, ordu horretan abiatuko da II. Argazki Rallya eta taldeek lanean hasteko aukera izango dute.

Kontsumismoari, beldurrari eta euskal kulturari buruz egindako argazkiak otsailaren 17rako aurkeztu behar dira Gaztetxean. Egun horretan, 21:00etan hasiko dira kamarak biltzen. Ondoren, antolatzaileek argazkiak errebelatuko dituzte eta hilaren 26an emaitzak erakutsiko dizkiete parte-hartzaile guztiei. Hauek arduratuko dira argazki onenak aukeratzeaz eta lehiaketan sartuko diren irudiak hautatzeaz.

Azkenik, martxoaren 6an emango dute jakitera talde irabazlearen izena. 21:00etan hasiko da sari banaketa festa, Gaztetxean egingo den afariarekin. Argazki onenaren egileek saria jasoko dute. Gainera, aukeratutako lanak paneletan jarriko dituzte eta ikusgai izango dira egun horretan.

Tabernetan erakusketa

Lehiaketan bildutako irudiekin erakusketa bat egingo dute antolatzaileek, Azpeitiko Gazte Asanbladakoek. Martxoan zehar, II. Argazki Rallyan lehiatu diren irudiekin erakusketa osatu eta herriko bizpahiru tabernetan ikusteko moduan izango dira.