Pako Aristi, Euskaltzaindiaren antzerki sariaren irabazle

Uztarria.com, Berria.info 2008ko abe. 16a, 14:12
Mikel Zubeldia, Amaia Jauregizar eta Pako Aristi irabazleak, saria jaso ostean. (Euskaltzaindia)

Josu Dukatiren proposamena lanarekin lortu du, eta antzokira eramateko helburua dauka

ETAko buruzagi baten atxiloketarekin hasten da haren lana

Pako Aristi (Urrestilla, 1963) da Euskaltzaindiaren eta BBKren Literatur Sarien aurtengo irabazleetako bat, gaur (asteartea) jakin denez. Toribio Altzaga antzerki saria lortu du, Josu Dukatiren proposamena lanarekin.

Ertzaintzak egindako ETAko buruzagi baten atxiloketarekin hasten da Aristiren lana. Euskal Herriak bizi duen egoeraren aurrean irteera bat irudikatzen eta eskaintzen saiatzen da idazlea, epaimahaiak dioenez. "Istorio zaharrez osatzen den Euskal Herriko gizartearen isla" irudikatzen asmatu du egileak, "estilo zuzena eta elkarrizketa biziak" erabilita.

Eugenio Arozenak, Daniel Landartek eta Patri Urkizuk aukeratu dute antzerki alorreko irabazlea. Aristik "antzerki obrak taularatzeko diru laguntzak" eskatu ditu, saria eskertu ostean. "Antzerkiaren xedea antzeztua izatea da, baina euskal obrekin dezente kostatzen da hori lortzea". Egileak "sarituak izan arren taularatzeko aukera izan ez duten lanak" gogorarazi ditu.

Mikel Zubeldia donostiarra (Txomin Agirre eleberri saria) eta Amaia Jauregizar gernikarra (Felipe Arrese Beitia olerki saria) izan dira beste bi irabazleak. Mikel Zarate saio saria eman gabe geratu da, lanik ez delako aurkeztu.

Bilbon jaso dituzte sariak, gaur, Euskaltzaindiaren egoitzan.