Zapiok eta Aurek jokatuko dute IV. Bertso Parrandako finala, 30ean

Urola Kostako Hitza 2008ko abe. 16a, 10:12

Azpeitiko Gaztetxean jokatuko den finalean entzuleak ariko dira epaile lanak egiten

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatutako Txapelen omenezko jaialdia ostiralean izango da

Joan den ostiralean Errezilgo Trintxeran jokatutako azken finalaurrekoa irabazi ondoren, Aure (Eneritz Arzallus, Jokin Uranga, Silvia Etxaniz) taldea sailkatu da 2008ko Bertso Parrandako finalerako. Haritz Etxeberria Mini, Ander Urbieta eta Ander Fuentes Naparra bertsolariek osatzen duten Man taldeari gailendu zitzaion Aure hirukotea.

Horrenbestez, erabakita geratu da datorren abenduaren 30eko finala. Zapio (Izaro Zinkunegi, Egoitz Alkorta eta Jokin Sudupe Pio) eta Aure taldeak lehiatuko dira aurrez aurre, Azpeitiko Gaztetxean 23:00etan abiatuko den finalean. Zapio taldeak 2006ko III. Bertso Parrandan lortutako txapela defendatu beharko du finaleko saioan.

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatutako bertso lehiaketaren final handiak nobedade bat izango du aurten: entzuleek egingo dituzte epaile lanak aurreneko aldiz.

Hamazazpi eta hogeita hamar urte bitarteko 24 bertsolarik hartu dute parte 2008ko IV. Bertso Parrandan, zortzi taldetan banatuta. Azkoitiko, Azpeitiko eta Errezilgo tabernetan eta ostatuetan egin diren saio guztietan entzule ugari bildu da.

Txapelen omenezkoa

Erniarraitzek eta Lankuk antolatuta, datorren abenduaren 19an, ostiralean, egingo dute Txapelen omenezko 2008ko jaialdia, Izarraitz pilotalekuan. 22:30ean hasiko da bertso saioa.

Andoni EgaƱa, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Imanol Lazkano, Iker Zubeldia eta Nekane Zinkunegi bertsolariek hartuko dute parte Txapelen oroimenezkoan. Jokin Urangak egingo ditu gai-jartzaile lanak.