Ezinean taldea: "'Trotamusik Tour'-ak geldirik ez gaudela erakusteko balioko du"

Ezinean.

Datorren larunbatean hasiera emango diote Trotamusik Tour 08/09 birari

Abendutik martxora Euskal Herri guztian zabalduko dituzte azpeitiarrek euren bigarren diskoko doinuak eta hitzak

Ezinean taldea Azpeitiak eman duen talderik sonatuenetakoa da. Zazpi urte daramatzate hardcore melodikoaren amaraunetan harrapatuta. Larunbat honetan hasiera emango diote Trotamusik Tour 08/09 birari, euren bigarren disko Zuretzat promozionatzeko Sarkor talde gernikarrarekin batera egingo dutena. Taldeko abeslari Iban Amenabarrekin eta Asier Sustaeta managerrarekin egon da Urola Kostako Hitza.

Trotamusik Tour 08/09 bira hasiko duzue abenduan. Nondik sortu da bira hau egiteko ideia?

Asier Sustaeta: Bigarren diskoa promozionatzeko diseinatu dugu bira hau.Bigarren diska hau ez genuen garaiz kaleratu eta horrek asko mugatu gintuen udan kontzertuak ematerako orduan. Geu zain egon beharrean, eta orain arte egindako bide osoa alferrik ez galtzeko, zarata ateratzeko era bat da. Euskal Herria txikia da eta 12 puntu estrategikotan kontzertuak emanez gero, uste dut Euskal Herria osoa har daitekela eta zabaldu. Batik bat, zarata ateratzea da helburua.

Iban Amenabar: Hasieran, gainera, promozio kontuak Gor diskoetxekoek eman behar zuen, baina ez gatoz guztiz bat hori egiteko moduarekin eta geure kontura ere zerbait egiteko aukera emateko eskatu genien; oztoporik ez zuten jarri eta aurrera egin dugu. Tour honek geldirik ez gaudela erakusteko ere balioko du.

Nondik dator Sarkor taldekoekin harremana?

Amenabar: Areto moduko lokal bat dute Gernikan, eta han jo genuen egun batean. Giro ona zegoen gure artean, lagunartekoa. Haiek ere bigarren diskoa atera berri dute eta lanerako gogoz dabiltza.

Sustaeta: Nik uste dut indarrak batu ditugula, nolabait. Askoz errazagoa da kontzertu bat saltzea. Erakargarriagoa da "Begira, gu Ezinean eta Sarkor gara eta bira bat antolatzen ari gara" esatea, "Ezinean gara eta hemen jo nahi genuke" esan baino.

Zehaztuta dauden datez aparte, kontzertu gehiago sortzeko aukerarik ba al dago?

Sustaeta: Bai, kartelean zehaztutakoak ipini ditugu, baina badira beste pare bat zehaztu gabe daudenak. Zallako (Bizkaia) kontzertua ere aldatu egin da dataz, urtarrilaren 10ean beharrean 17an izango da.

Nola aukeratu dituzue tokiak?

Sustaeta: Gauza jakina da askoz errazagoa dela gaztetxeetan-eta jotzea. Baina pixka bat hortik atera nahi izan dugu eta denak gaztetxeetan egin beharrean, bestelako aretoetara eta antzokitara ere jo dugu. Besteak beste, Donostiako Dokan eta Ondarruko eta Durangoko Kafe Antzokietan joko dugu.

Aurrera begira zein asmo dituzue?

Amenabar: Mementoan kontzertuak jotzeko gogoz gabiltza, disko honi atera behar diogu oraindik zukurik. Bitartean abesti berriak ateratzen badira, biltzen joango gara. Eta, nahikoa bilduz gero, hirugarren diskoa etorriko da ziur asko.

Nola sortu zen Ezinean?

Amenabar: Garajean jotzen hasi ginen 2001. urtean, denporapasa, mundu guztia hasten den bezala. Urte pare batez egon ginen lokal hartan geure kantak jotzen eta sortzen. Geroago sortu zen Urrestilako lokaletan entseatzeko aukera. Bolada hartan, ohiko hirukoteaz gain Xabi Agirre, beste laugarren kide bat ibili zen gitarra jotzen urtebetez-edo gurekin. Dinamika bera zen: jo eta kontzertu gutxi eman, irteteko asmo handirik gabe; grabatu ere, ezer ez.

Noiz sortu zen lehen maketa hura grabatzeko asmoa?

Amenabar: Oihan Lizaso ezagutu nuen unibertsitatean eta grabatzen bazekiela-eta maketa bat grabatu genuen 16 kantekin. Horiek grabatuta, kontzertuak ematea zen asmoa, jendeak ez bazaitu ezagutzen erreferentziarik ez baitu. Orduan, maketa hainbat lekutara bidali genuen; diskoetxetara, probatze aldera, baina ez genuen erantzunik espero. Dena dela, diskoetxe pare batek erantzun egin ziguten eta ondo zegoela zioten. Hori bai, mementoan ateratzeko aukerarik ez zegoela esan ziguten.

Orduan izan al zenuten Gor diskoetxearekin lehen harremana?

Amenabar: Bai. Tartean, Gor disketxekoek esan ziguten asko gustatu zitzaiela eta kontzertu batean ikusiko zutela. Hala, Triku Festan jo genuen kontzertua ikustera etorri ziren. Oihan Amezua taldekidearen lehenenego kontzertua izan zen hori. Handik pixka batetara hitz egitera joan ginen eta maketa disko bihurtzeko proposatu ziguten; azkenean martxo horretan grabatu genuen. Kontzertu batzuek eman genituen eta ondoren zuzenekoa grabatu egin genuen Bonberenean. Laukote bezala sortutako maketako kantak eta aparteko beste bost kanta berri sartu genituen diskoan.

Behin diskoa kalean izanda gauzak aldatzen hasiko ziren, ezta?

Amenabar: Ordutik aurrera deitzen ziguten lekuetara joan eta kontzertuak ematen genituen. Euskadi Gaztea irratian Musikan Berria-rako hautagai izan ginen. Gainera, Leioako Pop-rock lehiaketan euskarazko kantarik onenari saria eman ziguten, Zuloan abestiagatik.

Lehendabiziko diskotik bigarrengora, zer alde egon da?

Amenabar: Musikalki ildo beretik doa, ez dago alde handirik. Estiloa betidanik nahiko garbi daukagu eta melodiei ematen diegu garrantzia. Melodia ateratzen dugu aurrena eta gero laguntzeko gitarrak sartzen ditugu. Oier Ezeiza gitarra-jotzaileak normalean kanta eginda ekartzen du eta entsegu gelan bakoitzak bere ukitua ematen dio, nahiko aske. Konposatzeko lana lehen eta bigarren diskoan berdina izan da, jende berdina garelako.

Nork egiten ditu hitzak?

Amenabar: Gehienak nik egiten ditut. Bigarren diskoan Oierren hitzak dituen abesti bat dago eta beste lagun baten ingelesezko kanta bat ere bai. Hitzak melodiara moldatzen ditugu; horregatik ezin ditut beste norbaiten hitzak sartu, neuk ezagutzen dudalako ondoen melodia.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide