Kukai-Tanttakaren 'Hnuy Illa' lanak irabazi du Topaketako Ikuslegoaren saria

Urola Kostako Hitza 2008ko abe. 10a, 11:12

Santo Tomas egunean izango da sari banaketa, 12:00etan, udaletxean

Udaleko Kultura Batzordearen arabera, Antzerki Topaketak "erantzun ona" izan du

Azpeitiko Udaleko Kultura batzordeak adierazi duenez XXVI. Euskal Antzerki Topaketako Ikuslegoaren saria Kukai-Tanttaka taldearen Hnuy Illa lanak jaso du. 600 euroko diru saria, Santo Tomas egunean emango diete, 12:00etan udaletxean. Aurtengo, Antzerki Topaketak "erantzun ona" izan du jende aldetik.

XXVI. Euskal Antzerki Topaketan hamazazpi antzezlan izan dira eta jendearen aldetik "erantzun ona" jaso dute, Udaleko Kultura Batzordeak esan duenez. Antzerkia izan den igandetan, batez beste, 400 ikusle bildu dira Izarraitz pilotalekuan. Eskola Antzerkiaren sailean, berriz, zazpi antzezlan izan dira, "denen lana txalotzekoa izan da".

Aurten, I. Azoka Eguna ere antolatu dute, Azpeitiko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Kultur Erakundeak elkarlanean. Udalaren esanetan, "40 bat profesional bildu zen eta han jasotako emaitzak oso positiboak izan ziren".

Bestetik, aurten berria, Txalo Saria ere izan da. Pilar Aizpitarte azpeitiar aktoreak jaso zuen.