Inazio Uria Altuna y Uria enpresako arduradunetakoa hil du ETAk Loiolan, tiroz

Uztarria.eus 2008ko abe. 3a, 14:12
DYAkoak Inazio Uria artatzen, gaur, Loiolan. Olatz Prat (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiarra da hildakoa, 71 urtekoa

Enpresako egoitzatik irtetean tirokatu dute, 13:03an, Kiruri ondoan; tiro batek buruan jo du

1980an beste enpresari bat hil zuen erakunde armatuak Azpeitian: Ignacio Lasa Rezola

Atentatuak samina eragin du herrian (erreakzioak)

Azkeneko albistea (18:35). EA eta Aralar abstenitu egin dira ezker abertzaleko taldearen mozioko bozketan; beste mozioa onartu da, atentatua gaitzetsiz eta ETAri armak uzteko eskatuz

ETAk Inazio Uria Mendizabal Altuna y Uria enpresako arduradunetakoa tirokatu eta hil egin du gaur (asteazkena) Azpeitian. DYAk baieztatu du heriotza, 13:52an. 13:03an izan da atentatua eta osasun zerbitzuek bertan artatu dute; 40 bat minutura utzi diote biziberritze lanei.

Bi ezezagunen aldetik, bi tiro jaso ditu Uriak: bat buruan eta bestea bularrean. 71 urte zituen eta azpeitiarra zen. Ez zeraman bizkartzainik. Ezkonduta zegoen eta bost seme-alaba zeuzkan.

Azpeitiko eraikuntza enpresako egoitzatik irten ostean jaso ditu tiroak, DYAk jakinarazi duenez. Loiola auzoan izan da atentatua, Kiruri jatetxe ondoan. Ordu horretan Kiruri jatetxera joaten zen Uria, jokoan egitera, jatetxeko kide baten arabera.

Ertzaintzak esan duenez, atentatu egileek erabili duten autoko jabea Itziarko (Deba, Gipuzkoa) gainean topatu dute, eskuak lotuta.

ETAk aurten beste hiru pertsona hil ditu: Isaias Carrasco PSE-EE zinegotzi ohia Arrasaten (Gipuzkoa) martxoaren 7an, Juan Manuel Piñuel guardia zibila Legution (Araba) maiatzaren 14an eta Luis Conde de la Cruz militarra Espainian (Santoña, Kantabria) irailaren 22an. Azken biak bonben eztanden ondorioz, Carrasco tiroz.

Errazkin Loiolara

Iñaki Errazkin Azpeitiko alkatea (ezker abertzalea) atentatu lekura joan da, Xanet Esnaola (ezker abertzalea) alkateordearekin eta Manuel Unanue (EA) zinegotziarekin batera, eta ez du adierazpenik egin nahi izan.

Juan Jose Ibarretxe (EAJ) Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Azpeitira iritsi da 15:30ean, Nuria Lopez de Gereñu Jaurlaritzako Garraio sailburuarekin. Markel Olano (EAJ) Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusia, Jokin Bildarratz Eudeleko presidentea edota Adegi Gipuzkoako enpresaburuen elkarteko kideak ere herrian izan dira.

1969an sortu zuten Altuna y Uria enpresa, eta etxeen eraikuntzan eta herri lanetan egiten du behar.

Herriko beste atentatuak

ETAk 1980ko abenduaren 6an beste enpresaburu bat hil zuen Azpeitian: Ignacio Lasa Rezola.

Erakunde armatuak 1974ko apirilaren 3an hil zuen lehen pertsona herrian: Gregorio Posadas Zurron Guardia Zibileko lehen mailako kaboa, tiroz. Ondoren, horrekin-eta lotuta, Angel Otaegi nuarbetarra atxilotu zuten, eta 1975eko irailaren 27an fusilatu egin zuen frankismoak Burgosen (Espainia).

Azkeneko albistea (18:35). EA eta Aralar abstenitu egin dira ezker abertzaleko taldearen mozioko bozketan; beste mozioa onartu da, atentatua gaitzetsiz eta ETAri armak uzteko eskatuz 18:00etan egin dute Azpeitiko ezohiko udalbatzarra, eta bi mozio aurkeztu dituzte: batetik, Iñaki Errazkin alkate eta honen taldearena eta, bestetik, EAJ, EA eta Aralarrena. Aurrenak ezker abertzaleko taldearen sei botoak jaso ditu, EAJko zortziek kontra bozkatu dute, eta EA eta Aralar abstenitu egin dira —udal gobernuan daude ezker abertzaleko taldearekin—. Hamazazpi zinegotzik osatzen dute Udala.

EAJ, EA eta Aralarrek aurkeztu duten mozioak 11 boto jaso ditu —talde haietako ordezkariena— eta sei abstentzio —ezker abertzaleko taldekoena—.

Talde horrek elkartasuna agertu dio Inazio Uriaren senidari, "atsekabea" agertu du eta gatazka politikoaren konponbidea lortzeko lan egin behar dela adierazi du.

EAJ, EA eta Aralarrek, Uriaren familiari eta enpresariei elkartasuna adierazteaz gain, gaurko atentatua "tinko gaitzetsi" dute eta ETAri armak behin betiko eskatu diote.

Mozioak osorik

EAJ-PNV/EA/Aralar udal taldearen mozioa

"ETAk gaur Inaxio Uria Mendizábal herritara hil duela eta, Azpeitiko Udalak, azpeitiar guztien izenean zera adierazi nahi du:

  • Inaxio Uria Mendizabalen heriotza eragin duen atentatuaren aurrean bere gaitzespenik tinkoena azaldu.
  • Inaxioaren familiako, lagun eta landikeei bere elkartasun eta doluminik sentikorrena adierazi.
  • Une samin hauetan, euskal enpresari guztiei erabateko elkartasuna adierazi.
  • ETAri esijitu indarkeria eta armen bidea behin betiko utz ditzala".

Alkatearen eta bere taldearen mozioa

  • "Azpeitiko gertaera larriaren aurrean, gure atsekabea, samina eta tristura azaldu nahi dugu. Inazio Uriaren senideei bereziki eta lagunei gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu.
  • Gertatutakoak, indarkeriaren adierazpen guztiek bezala, gatazkari benetako eta behin betiko konponbidea atzeraezinezko lehentasuna izan behar du eragile guztientzat. Beraz konponbidea eta bakea lortzeko ahaleginak biderkatzeko deia egiten dugu.
  • Udal honek, bere esku dagoen guztia egingo du gatazka behin betiko konponduko duen akordio zabal baten alde. Herri honen eta herritarren eskubide guztiak errespetatuak izango diren eszenatoki demokratiko baten alde, hain zuzen ere".

Gaur 18:00etan ezohiko udalbatzarra (16:52). 18:00etarako ezohiko udalbatzarra deitu du Errazkin alkatea. Julian Eizmendi Azpeitiko EAJko zinegotziak eskatu du udal bozeramaileen bilera egiteko, alkateak ezohiko udalbatzarra dei dezan.

15:35ean altxatu dute gorpua, Donostiara eramateko (15:55). Forentseak 15:35ean eman du Inazio Uriaren gorpua altxatzeko agindua, Donostiara eramateko.

Atentatuko irudi bilduma Urola Kostako Hitzaren webean