Esperientziaren eskola tailerrak azaroan hasiko dira, Baigeran

Jubilatuen Elkartearekin batera, Azpeitiko Udala, Ingemak eta Mugabek antolatutako tailerrak dira

Ikastaroekin "hirugarren adineko pertsonen partaidetza" lortzea nahi dute

Esperientziaren eskola tailerrak antolatu dituzte Baigera Jubilatuen Elkarteak, Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuek, Ingemak eta Mugabe Elkarteak . Azaroaren 3an jarriko dituzte martxan tailerrak eta maiatza bukaeran amaituko dira. Aurreko urteko arraskata lortzea dute helburu. Aitziber Indart Mugabeko kideak dioenez, tailer hauekin "formazio bidez hirugarren adineko pertsonen partaidetza lortu nahi dugu. Pertsona helduek gai eta esparru guztietan eguneratuta egon behar dute, gizartearen parte aktiboa izateko".

Helburu horiek lortzeko "gustu guztietako" ikastaroak prestatu dituzte. "Osasun prebentzioa izeneko ikastaroa emango dugu. 6 orduko ikastaroa da, 3 egunetan emango dena. Filosofiako eta Musikaren historiari buruzko tailerrak ere egongo dira. Bestalde, aurreko urteko ikasleek sexualitatearen inguruko kurtsoak proposatu zituzten eta hori ere programan sartu dugu", dio Aitzer Indartek. Ikasturtean zehar ikasleek proiektu bat ere egin beharko dute.

Orain arte 25 lagunek eman dute izena Esperientziaren eskola tailerrean, baina matrikulazio epea oraindik ez da amaitu. Aurreko urtean 28 kideko taldea osatu zuten eta kopuru hori gainditzeko asmoa dutela aitortzen du Indartek. "Aurreko urtean tailerrek oso harrera ona izan zuten eta ikasleek izan dira aurten ere eskola martxan jartzeko eskatu dutenak."

Izena emateko 943 224143 telefono zenbakira deitu behar da.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide