Badatoz trikuak

Gorka Erostarbe (Berria) 2008ko urr. 23a, 18:10

Gorka Erostarbe 'Berria'-ko kazetariak Triku Festaz idatzi du bere blogean

Ez dakit hala diren, baina hala irudikatzen ditut trikuak: behar denean isil eta langile, behar denean arantzak aterata, oldarkor. Azpeitiko (Gipuzkoa) Triku Festie jaialdiak ez du uda parteko beste hainbat musika jaialdi arranditsuk adina zalaparta atera ohi, baina beste behin ere egitarau erakargarria osatu du. Eta iritsi zaio arantzak ateratzeko garaia. Gaur hasi eta igandera bitartean iraungo du jaialdiak. Antolatzaileek ez daukate beste zenbait jaialdik duen aurrekonturik, ez dute mega-izarrik ekarri, baina proposamen interesgarri eta kuriosoak bildu dituzte aurten ere. Experience (Tolosa, Okzitania) eta The Zephyrs (Edinburgo, Eskozia) taldeen emanaldiak izan litezke apustu seguruenak, baina bada gehiago ere: Manifingers multinstrumentistarena, Action Beat rock talde zaratatsuarena (lau bateria, lau gitarra eta baxu bat), MC Xander ahots jostalariarena... Egitarau osoa: www.trikufestie.com