Euskal Eskola Nazionala: bide guztiek ez dute Erromara eramaten

Elias Mendinueta eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolako Batzordea 2008ko urr. 21a, 19:10

Euskal Herriko Ikastolak Konfederazioan bildurik, kurtsoari hasiera eman genion Hendaian, hainbat ikastolen 40. urteurrena pasatua dela gogoratuz, tartean geurea. Bertan “Ikastolak orain eta gero” erronkarako hausnarketa eta egiteko konpromisoa eskuartean daukagula gogoratu genuen.

Igande honetan berriz Nafarroa Oinez-ekin urtean zehar Euskal Herri osotik ikastolek bost festekin egindako ibilbideari aurtengoz bukaera eman diogu. Guztietan milaka eta milaka herritarrek ikastolaren jardunbidea nola estimatu eta bultzazen duten ozen esaten digute.

Ondoren, ikastolok, eguneroko zirkuitoari ekiten diogu behin eta berriz. Jakin badakigu, edozer ibilbide ez direla Nafarroa Oinez. Era berean edozer bidek ez du herri honen eraikuntza gauzatzen. Edozer bidek ez du Erromara eramaten.

Ezta hezkuntzan ere. Dena berdina ez da. Praktikan, hau da, ibilian hartzen diren bide guztiek ez gaituzte eramaten helmugara, ez Euskal Herriari dagokionez eta ezta ikasleari dagokionez ere.

Gure eguneroko hezkuntzako praktikak, ikaslearekiko zer jarrera eta zer nazio eraikitzen eta legitimatzen ditu?

Gai honen harira izugarri artikulu interesgarria Berrian uztailak 25ean J.M. Odriozolak idatzitakoa, “Legitimazio kontuak nazio eraikuntzan”. Zer pentsatua ematen du. Norbere eguneroko ibilbidean gureak ez diren Administrazioen hezkuntza sistemaren aukerak, zer nazio legitimatzen dute? Euskal nazio-eraikuntza al dute helburu Foru eta Erkidegoko Administrazio Autonomoetan eta Iparraldean bi Estatuek dituzten hezkuntza sistemek? Titular edo jabe diren horien esku dena uzteak berme gehiago ematen al digu gure naziogintzan? Helburu horri sendoago erantzuteko bultzatu al zuten publifikazioa? Kontu izanda, kontua ez dela hor dauden pertsonak zer konpromiso maila duten, baizik eta egitura horietan erabakimena noren esku dagoen.

Euskal gizarteak, 1200etik auzoko bi estatuen menpekotasuna jasaten egon ondoren, XX. mendera iristerakoan, Pirinioen bi aldeetan euskaldun bezala bizirauteko, ordurarteko bakarkako lanak utzi eta urrats bat gehiago ematea erabaki zuen, hain zuzen ere erakundetzea. Hainbat erakunde sortu zituzten. Besteak beste Eusko Ikaskuntza. Honek estrategikoak izan ziren hainbat erabaki hartu zituen. 1918an Oñatiko Kongresuan, Euskaltzaindia sortzea erabakitzeaz gain, Administrazioarenak ziren eskolen paraleloak egitea erabaki zuen, geure eskolak, ikastolak. Euskara, eskoletara sartzeaz gain, geure eskola egin nahi izan zuten. Gaur argiago esaten dugun Euskal Eskola Nazionala.

Gogoan izan behar dugu, orduko eta oraingo Administrazioek, zelofana eta lazoen koloreak aldatu badituzte ere, estatu berberarenak izaten jarraitzen dutela. Zapaterok euskaldunoi argitu berri digun bezala: “Subirautasuna, erabakitzeko ahalmena, bakarrik Espainiak du”. Argi azalduz gainera euskaldunok herri bezala ez dugula existitzen.

Oñatiko erabakiaren ondorenetik gaurdaino, ikastolak egindako ibilbidea luzea izan da.

Bitartean hazkuntza izugarria eman zuten ikastolek eta 1993ra iristean Autonomi Erkidegoan ikastolak desegiteko prozedura legala martxan ipini zen. 1993tik hamabost urte pasa ondoren merezi du, geure eskolaz, hau da, Euskal Eskola Nazionalaz aritzean une historiko horretaz hausnarketa egitea. Zer dela eta ez du inork horren hausnarketa publikorik egiten? Nola argitu norabidea eta nola indartu kontzientzia, zertarako ari garen hausnartu gabe, hau da, horri denbora eta arreta ipini gabe? Eta hori egin gabe, nola eskatu gero ikastolarekin konprometitzea?

Dena berdina ez delako, Herri honek mendeetan zehar jakin du, herri bezala izandako erabaki-egiturak indarrez kendu arren, identitatea bere eskutik eramateko bideak asmatzen. Espainolen eta frantsesen inbasioak gaindituz, eta geuk egindako akatsetatik ikasiz XXI. menderaino bere burua bizirik ekarri du herri honek.

Helburua argi dugu eta baita ere bidean egiten ditugun akatsetatik ikasiz, gure jardunbidea hobetuko dugula helmugara heldu arte.

Ikastolok, berrogetaka urteetan sare propioa osatuz gure seme-alabentzat nahi duguna eskutik eramaten konprometiturik gabiltza. Dena ez da berdina. Ikastolak, bere izena, izate eta egite jakin bati lotuta darama.

Ikastolok, Jasoko ikastolakoek igandean ozen esan zuten bezala, helmuga Euskal Herriaren bihotzean dugu, Iruñean. Eskoletara euskara eramatea garrantzitsua da. Ikastolok ordea, Jaso ikastolaren historian Jesus Atxak dion bezala, eskolarik gabeko hizkuntza den EUSKARARI ESKOLA EGITEN ari gara.

Erronka handia da eta auzolanean, asmatzen dugunarekin gozatuz eta akatsetatik ikasiz, XXI. mendean, ikastola, Euskal Herria / Nafar Estatuaren Eskola Nazionalaren motorra martxan mantentzea, eta seme-alaben hezkuntza eskutik eramatea, indartsua eta pozgarria da.

Oso harro gaude eta ez bikain egiten dugulako dena, ez. Harro gaude, gure seme-alaben euskalduntzea geure eskutik eramaten eta hori bermatzeko herri honen eskola egiten konprometituta ibiltzeagatik.

Gure herriak eta ikasleek merezi dute, eta gu guztiok, ikasle, guraso eta langileok, egunerokotasunak sortzen dituen egoera gordinen gainetik haruntzago begiratuz, zertarako ari garen gero eta argiago izateko lan eginez, pozik gabiltza, hala nahi duten guztiekin auzolanean Euskal Herri osoan.