Loiolan Euskal Artisten Unibertsitatea sortzeko Jorge Oteizaren asmo hura

Uztarria.eus 2008ko urr. 21a, 19:10

1969an saiatu zen egitasmoa aurrera ateratzen, baina ez zuen lortu

Lehenago Iruñean, Gasteizen eta Donostian sortzen ahalegindu zen

Gaur (urriak 21) ehun urte jaio zen Jorge Oteiza artista (Orio) eta, hark izandako proiektu askoren artean, hauxe izan zen bat: Azpeitian, Loiolan, Euskal Artisten Unibertsitatea sortzea. Ez zen gauzatu egitasmoa, behar adinako babesik ez zuelako jaso.

Hauxe zekarren Berria egunkariak joan den apirilaren 10ean egitasmo hartaz Porrotez porrot artikuluan, Oteizaz erreportaje sorta egin zuenean:

"Jorge Oteizak ia hogei urte eman zituen euskal artistak antolatu nahian, eta proiektu pedagokikoak sustatzen, 1959tik 1980ra. Aldi hori aztertu izan denean, ahalegin guztien porrota azpimarratu izan da. Baina Oteizak inguruan zituen artista, kulturako jende eta politikariak erakartzea lortu zuen behin eta berriro.

Idatzita utzitako ohar, testu, txosten, eskutitz, aldarrikapen, konferentzia guztietan ideia bera agertzen da beti: Euskal Herriaren berreskuratze kulturalak artistaren beharra daukala, hura delako horretarako aski sentiberatasun estetikoa daukan bakarra.

.1965ean, Gaur eta Emen taldeak eratu zirenean, Jorge Oteiza euskal artisten unibertsitatea altxatzeko ametsaz arduratu zen. 1966an Iruñea proposatu zuen egoitza bertan jartzeko, eta txostena bidali zion Miguel Urmeneta Nafarroako Diputazioko Kultura kontseilariari. Ez zen atera. 1967an, Gasteizko erakundeekin saiatu zen, proiektu bera buruan: Arte Eskolaren birmoldaketa, Haurrendako Unibertsitatea, Euskal Artistendako Adierazpen Elkartuetako Konpainia. Iruñean gertatu zen bezala, Oteizak ez zuen babes ekonomiko eta politikorik lortu. 1968an, Donostiako Kursaala proposatu zuen; 1969an, Loiola; 1969an, berriro ere, Gasteiz. Artisten arteko desadostasunek behin eta berriro atzeratu eta zapuztu zuten egitasmoa".