Udalak 300.000 euro bideratuko ditu San Agustinpe hornitzeko

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 20a, 11:10

San Agustinpeko lanak urtearekin bukatuko dituzte

Obrak amaitutakoan, ikus-entzunezko aretoaren ekipamenduari ekingo diote

Herenegungo udalbatzarrean izan zen beste kreditu aldaketa bat ere: Sanagustinperako 300.000 euro bideratzea erabaki zuten. Aldaketa hori ere 2007ko likidazioaren ondoren gelditu zaien diru poltsa bati esker egin dute.

Sanagustinpe barrutik hornitzeko 300.000 euro bideratuko dituzte. "Obra zibila" urtearen bukaerarako amaituko dute.

Behin lan horiek amaitutakoan, bigarren faseari ekingo diote, hau da ikus-entzunezko aretoaren ekipamenduari.

"Kultur Mahaiak herriko elkarteen artean diagnosi bat egin zuen, zer behar zuten eta San Agustinpiri zer erabilera emango zioten jakiteko. San Agustinpiri erabilera anitza emateko proposamen bat egin zuen eta horretarako beharko zen ekipamendua zehaztu zuen. 300.000 euro hauek ekipamendu behar horiei erantzutera bideratuko ditu Udalak", azaldu du Xanet Esnaola alkateordeak.

"Oinarrizko azpiegitura"

Kultur Mahaitik proposatutako ekipamendu behar horiei erantzuna emateko "oinarrizko azpiegitura bat" egingo dute San Agustinpen.

Orain, bai Udala bai Kultur Mahaia oraindik ere Sanagustinpek izan behar duen erabilera eta funtzionamendua aztertzen eta lantzen ari direla gaineratu du alkateordeak.