Gipuzkoako Urak-eko Batzordeak lan ituna indarrean jartzeko eskatu du Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 17a, 11:10
Langileen Batzordekoak Enparan Dorretxe aurrean bilduta, herenegun. (Nerea Uranga)

Zuzendaritzak bilera deitu zuen herenegun Azpeitian

Langileek idatzi bat sinatzea nahi du zuzendaritzak, eta langileen ordezkariak ez datoz bat idatziarekin

Gipuzkoako Urak SA enpresako Langileen Batzordeko kideek adostutako lan hitzarmena indarrean jartzeko eskatu zuten herenegun Azpeitian, Enparan Dorretxearen atarian. Egun berean enpresak langileei zuzendutako bilera informatiboa egin zuen dorretzea, eta horregatik bildu ziren bertan Batzordekoak.

Gipuzkoako Urak enpresak 180 langile ditu eta Gipuzkoako uraren kudeaketaz arduratzen da lurralde osoan, Donostialdean eta Irunen salbu. Enpresako Langileen Batzordean, ELA sindikatuak bost ordezkari ditu eta LABek lau.

Hitzarmen berria adostuta

2006ko abenduan lan hitzarmenaren indarraldia bukatu egin zen eta ordutik itunik gabe daude. "Itun berria adostuta daukagu zuzendaritzarekin, eta langileen batzarrean ere onartuta dago. Baina indarrean jartzea falta da", diote Batzordekoek. Gipuzkoako Urak enpresako kudeatzaile IƱigo Elosegiren esanetan, ituna atzeratu izana ez da zuzendaritzaren ardura: "Hauteskunde sindikalengatik urtebete atzeratu da. Ituna lantzen 2006ko bukaeran hasi ginen".

Batzordearen esanetan, berriz, hitzarmena indarrean jartzeko enpresako zuzendaritzak idatzi bat sinatuarazi nahi diela salatu du. Eta, langileen ordezkariak ez datoz bat idatziarekin, etorkizunera begira "langileak lotuta izatea" ekarriko duelako. "Enpresaren idatzian esaten da etorkizunean ez ditugula berriro eskatuko lan hitzarmena adosterakoan eskatutako diru kopuruak. Gure ustez, etorkizunak berak erakutsiko du nola jokatu eta orain langileak ez gara lotuko". Beraz, adostuta duten lan hitzarmena indarrean jartzeko eskatu dute Batzordekoek, beste inolako baldintzarik gabe.

Zuzendaritzaren idatzia

Enpresako zuzendaritzaren arabera, idatzia hitzarmena adostu aurretik aurkeztu zien langileen ordezkariei. "Hitzarmena negoziatzeko orduan, Batzordekoek soldataz gainera gauza berezi asko zeudela adierazi zuten: guardiak, igandeak... Guk, orduan, idatzi bat aurkeztu genuen, orain ahalegin berezi hori egingo genuela baina beti ezingo zela egin esanez. Idatzia urte honetako martxoan azaldu genion Batzordeari", dio enpresako kudeatzaile Elosegik.

Zuzendaritzak bere postura orain bi aste egindako Langileen Batzarrean azaltzeko asmoa zuen, baina Batzordeak ez zion horretarako baimenik eman. Horregatik, herenegun bilera deitu zuen zuzendaritzak, Azpeitian. "Guk nahi duguna langileak informatuta egotea da eta zuzendaritzaren postura zein den jakitea. Horregatik deitu genituen langileak bilerara", azaldu du Elosegik.

Bilerari buruz bi ikuspuntu

Herenegun Azpeitian egindako bilera horren inguruan ere iritziak ez datoz bat: "Langileen Batzordean bat eginda gaude eta hori enpresak ezin du ikusi. Enpresak deitutako bilerak ere ez du arrakastarik izan, 180 langiletik 36 besterik ez baitziren joan. Azpeitiko batzar horrekin zuzendaritzak Batzordea baztertu nahi zuen, baina ez dute lortu". Ordea, enpresako kudeatzailearen balorazioa positiboa da: 240 langile inguru joan zen, baina Langileen Batzarrak ere antzeko parte-hartzea izan zuen. Gainera, kontuan izan behar da Batzordekoak aurrean izan zirela presioa egiten. Egia esateko, nik jende gutxiago espero nuen. Bileran garbi ikusi zen langileek egoeraren berri ezer gutxi dakitela. Aurrera begira gure asmoa informatzen jarraitzea da".

Batzordekoen hitzetan, dagoeneko bi urte daramatzate lan itun propioaren alde lanean, eta garaia da adostutakoa indarrean jartzeko. Hitzarmena martxan jartzeko zuzendaritzak aurrerapausorik ez badu ematen, mobilizatzen hasi beharko dutela esan dute langileen ordezkariek. Enpresak, berriz, ikusiko du informatzen jarraitzeaz gainera zer egin, "baina langileek jakin dezatela idatzia hitzarmenarekin batera doala", diote.