26 odol-emaile azpeitiar sarituko dituzte

Uztarria.eus 2008ko urr. 16a, 11:10

Hogeita bost eta berrogeita hamar aldiz odola eman dutenak izango dira sarituak

Odol Emaileen Elkarteak urriaren 26an egingo du Batzar Nagusia Loiolan, eta bertan emango dira sariak

Hogeita sei odol-emaile azpeitiar sarituko dituzte Loiolan egingo den Odol-Emaileen Elkartearen Batzar Nagusian. Hogeita sei horietatik, hogeita bi sarituak izango dira 25 aldiz odola eman dutelako eta gainontzeko laurak, berriz, 50 aldiz egin dutelako. Hain zuzen, Migel Bereziartua, Vicente Biain, Xele Iturzaeta eta Luis Maria Olaizola dira 50 aldiz euren odola eman dutenak.

Eguneko egitaraua

Sari banaketa igandean, urriak 26, ospatuko dute. Urola Kostako odol-emaile guztiak eta hauen senitartekoak Loiolan bilduko dira. Biltzarkide guztiak eguardiko hamabietan Loiolako Basilikan egingo den mezara joango dira eta amaitutakoan intsigniak eta sariak emango dituzte gogartetxean.

Kiruri jatetxean izango dute anaikidetasun bazkaria denek. Bazkariak 35 euro balio du eta bertara joan nahi duenak urriaren 23a baino lehen eman behar du izena. Informazio eta argibide gehiagorako 943 811721 telefono zenbakira deitu behar da.