UEMAk profesional euskaldunen gida osatuko du

Uztarria.eus 2008ko urr. 14a, 13:10

Enpresa bat arduratuko da gidan daudenek euskarazko zerbitzua ematen dutela bermatzeaz

Gidan dauden profesionalen zerrenda bidaliko dute UEMAko udalerri guztietara, tartean Azpeitira

UEMAk Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak profesional euskaldunen gida osatzeko asmoa du. Proiektuaren helburua udal eta herritar euskaldunei profesionalen euskaldunen gida eskaintzea da.

Enpresa bat arduratuko da gidan daudenek euskarazko zerbitzua ematen dutela bermatzeaz. Enpresa horren lehendabiziko betebeharra informazioa batzea da. Ondoren enpresa horrek filtroa egingo du, hau da, berak ziurtatuko du profesionalak benetan gai diren euskarazko zerbitzua emateko, gidan sartu aurretik.

Elkargo profesionalek UEMAren gidan sartzeko aukera daukate, baina horrez gain, UEMAk informazio iturriak zabaldu egin ditu. Euskal Herriko udal guztietara jo du datu eske, gidan sartzeko egokiak izan daitezkeen guztiek lekua izan dezaten. Behin datu guztiak batuta eta ahozko zein idatzizko euskarazko tratua bermatuta, gidan dauden profesionalen zerrenda bidaliko dute UEMAko udalerri guztietara.

Profesionalek helbide honetan eman ahal dute izena, zuzenean: www.uema.org.

Azpeitia pasa den apirilaren 5etik da UEMAko partaide.