Xoxoteko aterpea tximistetatik "erabat" babestuko dute

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 13a, 11:10
Xoxoteko mendi aterpea.

Hari bidez kaiola antzeko bat egingo diote mendi aterpeari eta lanak datorren hilerako bukatuko dituzte

Gaur egun ez dagoela behar bezala babestuta dio Udalak

Xoxoteko aterpea tximistetatik babestuko dute, horretarako prestatutako sistema bat ezarrita: hari bidez, kaiola moduko egitura bat egingo diote aterpeari. Datorren hilean hasiko dira lanekin eta 24.000 euroko aurrekontua izango du.

Udalak Lagun Onak Mendi Bazkunarekin hitzarmen bat eginda du Xoxoteko mendi aterpearen inguruan. "Aterpera eskola umeak etortzen dira egunak pasatzera, baita mendizaleak ere, mendi aterpea delako. Jendea ibiltzen da, beraz, eta tximistetatik ez dago erabat babestuta". Horregatik, Udalak kezka zuela-eta aterpea nola babestu aztertu dute. Xanet Esnaola alkateordeak azaldu duenez, "tximistaren batek aterpea jo eta kalteak edota ezbeharren bat gertatu zitekeenaren kezka genuen".

Xoxote mendian, San Inazioren irudia baino pixka bat beherago, badago tximistei eusteko tresna bat, baina horrek ez du aterpea erabat babesten tximistetatik: "Tresna horrek neurri batean erakartzen ditu tximistak, baina ez du erabat bermatzen aterpea babestuta egotea". Beraz, kobrezko hari bidez kaiola antzeko bat egingo diote mendi aterpeari, era horretan tximistetatik babesteko.

Udalak Lagun Onak Mendi Bazkunakoekin hitz egin du sistema hori jartzea erabaki aurretik: "Mendizaleek ondo ikusi dute aterpean tximisten kontrako sistema jartzea. Nola jarri ere haiekin batera erabaki dugu. Elkarrekin joan ginen aterpera, zer egin zitekeen ikustera eta sistema hori jarriko genuela erabaki genuen". Datorren hilabetea bukatzerako aterpea tximistetatik babestuta egongo dela aurreratu dute Udaleko arduradunek.