20 upategitik gora izango dira larunbateko Ardo Dastaketa Egunean

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 13a, 11:10

Iaz 18 upategi izan ziren plazako arkupetan eta aurten, berriz, 22 izango dira

Izarraitz-Txoko elkarteak antolatutako elkarteen arteko patata tortilla dastaketa ere larunbatean egingo dute

Iaz baino upategi gehiago izango dira aurtengo Ardo Dastaketa Egunean, datorren larunbatean. Iaz, 18 upategi izan ziren plazako arkupetan eta aurten, berriz, 22 izango dira. Ez hori bakarrik, 27 ardo jarriko dituzte herriko plazan, dastatzeko moduan.

Urtekoak, ondutakoak eta erreserbak izango dira aukeran, Azpeitiko Udaleko Festa Batzordeak eta Odriozola ardo etxeak hirugarren urtez antolatutako ardo-festaren baitan. Ardo dastaketa, 11:30ean hasiko da eta 14:00ak aldera bukatuko da.

Jateko aukera ere bai

Edanari laguntzeko ahora zer eraman ere izango da herriko plazan. Aurreko urteetan bezalaxe, ardi gazta eta Gernikako piper erreen pintxoak jarriko dituzte herriko plazan. Herriko lauzpabost baserrik jarriko dituzte gazta pintxoak saltzeko postuak.

Oraingo honetan, gainera, Izarraitz Txoko Elkarteak, soziedadearen 75. urteurreneko ospakizunaren baitan, herriko elkarteen edo soziedadeen arteko patata tortilla dastaketa antolatu du, larun- baterako hori ere. Bestetik, Azpeitiko Gaixo eta Elbarrituen Aisialdiko Taldeak (GAEL) ogitartekoen eta pintxoen beste postu bat ere jarriko du. Beraz, ardoa edatearekin batera mokadutxoren bat egiteko modua ere izango da larunbateko Ardo Dastaketa Egunean.

Udaleko Festa Batzordeak jakinarazi duenez, Izarraitz Txoko Elkarteak antolatu duen elkarteen arteko tortilla patata dastaketako pintxoak salduta aterako duten dirua Azpeitiko Gaixo eta Elbarrituen Aisialdiko Taldearentzako izango da.

Orain, ikusteko dago zenbat ardo botila husten diren; iaz 700 izan ziren.

Ardo dastaketa eguna

  • Eguna eta tokia. Urriak 18, larunbata, Azpeitiko herriko plazan. 11:30etik 14:00etara bitartean.
  • Ardo dastaketarako txartelak. Plazan bertan, ardo dastaketarako txartelak 3 eurotan egongo dira salgai. Diru horren trukean, kopa huts bat eta lau txartel emango dituzte, horiekin lau baso ardo hartzeko.
  • Ardoak eta upategiak. 22 upategitatik ekarritako 27 ardo dastatzeko aukera izango da. Horietatik gehienak urteko ardoak eta ondutakoka izango dira, baina erreserbak dastatzeko aukera ere emango du Ardo Dastaketa Egunak. Jatorriari dagokionez, ardo gehienak bertakoak dira, Euskal Herrikoak; Arabar Errioxako upategietatik ekarritakoak eta Nafarroako upategi batetik ekarritakoa izango dira tartean. Gainontzekoak, Errioxako (Espainia) upategietakoak dira.
  • Jatekoa. Herriko elkarteetan egindako tortilla patata pintxoak, Gernikako piper errearen pintxoak, gazta pintxoak eta beste jaki batzuekin egindako ogitartekoak.

Uztarria.com-en inkesta "Herriko soziedadeek hartu-eman handiagoa izan beharko al lukete?"