Ikastola guztiak erakunde bakar baten babesean biltzear dira

Ikasberri Azpeitiko Ikastolak eta eskualdeko beste bi ikastolek begi onez ikusten dute egitasmoa, "elkarlanerako ona" izango dela argudiatuz

"Euskal Herri osoa hartuko du eta horrek herrialdeen jarduna koordinatzeko aukera emango du", dio Izar Larrañaga Ikasberriko zuzendariak

Euskal Herriko ikastola guztiak bilduko dituen elkargo berri bat sortzeko asmoa dute ikastolen federazioek. Horren aurrean, gai honen inguruko hausnarketa prozesuan murgilduta daude guztiak; tartean, Ikasberri Azpeitiko Ikastola, Zarauzko Salbatore Mitxelena eta Orioko Herri Ikastola. Egitasmoa aurrera aterako balitz, Seaskako, Nafarroako eta EAEko ikastolek egitura bakar bat izango lukeen kooperatiba europarra sortuko lukete ikasturte amaierarako, 2009ko ekainerako.

Europako Batasunak estatuen mugak gainditzen dituzten egitasmoei legezko euskarria emateko sortu duen eredua da kooperatiba europarraren. Horrek, Euskal Herri osoko ikastola guztiak erakunde bakar batean biltzeko aukera ematen du. Gainera, izaera europarra izango duen Euskal Herriko lehen erakundea izango litzateke.

"Eman beharreko beste urrats bat" dela eta "ikastolen artean erabateko onespena izan" duela azpimarratu du Orioko Herri Ikastolako zuzendari Iñaki Zarauzek: "Eredu berriak asko sinplifikatuko du gaur egungo egitura. Orain arte, herrialde bakoitzak erakunde bat izan du; Ipar Euskal Herriaren kasuan, Seaskan biltzen ziren hiru herrialde. Hala, herrialde bakoitza lan jakin batzuez arduratzen zen. Egitasmo honekin ikastola guztientzat erakunde bakarra egongo da eta, beraz, herrialde guztiak elkargo berean bilduko ginateke. Egitura berriak bazkidetza zuzena bideratuko luke".

"Lortu nahi izan duguna"

Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolako zuzendari Garbiñe Gonzalez Duranak "betidanik lortu nahi izan duguna" dela zehaztu du. Dena dela, argi utzi du ikastola osatzen duten eragileak gaiaren inguruan hausnatzen ari dela oraindik, eta ikastolak berak ez duela jarrera jakinik hartu.

Orain arte ere, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioarekin, erakunde bakarra zegoen arren, "orain indartu egin nahi dute elkartasun hori eta ongi ikusten dut", dio Gonzalez Duranak. "Agian, lurralde bakoitzeko ikastoleen elkarteek Konfederazioak baino indar gehiago zuten. Orain, gauzek berdintsu jarraituko dute, baina Euskal Herriko elkarteari garrantzia handiagoa emango diote".

Ikasberriko zuzendari Izar Larrañagaren ustez, "elkarte asko dago gaur egun: Gipuzkoakoa, Bizkaikoa, Nafarrokoa... Herrialde bakoitzak berea du eta horretaz aparte, Konfederazioa eta Partaide daude. Nolabait esateko, zerbitzu asko daude, gune fisiko ezberdinetan banatuta, eta erakunde berriaren helburua guztiak bateratzea da. Edonola ere, une honetan txostena aztertzen ari gara eta ikusi egin behar da".

Ikastolak. Orain eta Gero izeneko txostena joan den irailaren 27an aurkeztu zuten Hendaian eta datozen asteetan txosten hori aztertzea izango da ikastola guztien zeregina. Azaroaren 24a arte, ikastolek euren balorazioak eta ekarpena egin ahal izango dituzte. Egindako ekarpenekin txosten berria prestatuko dute eta hori urtarrilaren 24an egingo duten batzarrean bozkatuko dute. Onespena jasoz gero, ekainera bitartean erakundearen izaera formala osatuko dute.

"Mugimendu bateratua"

Egitasmo honi esker, "mugimendu bateratua" sortuko litzatekela uste du Orioko Herri Ikastolako zuzendariak: "Hezkuntza aldetik, esaterako, elkarkidetzarako erraztasunak izango ditugu eta, era berean, berdintasun egoera batean lan egiteko aukera berriak sortuko dira".

Ikasberri Azpeitiko Ikastolako zuzendari Izar Larrañaga ere iritzi berekoa da: "Elkarlanerako eta koordinaziorako gune egokiagoa izango da. Alde batetik, Euskal Herri osoa hartuko duelako eta horrek herrialdeen jarduna koordinatzeko aukera emango duelako, bilgunea sortuz. Bestetik, sakabanatuta egon diren hainbat arlo batera edukitzeko aurrerapauso bat izango da. Eta hori guztia oso garrantzitsua da".

Berrogei urte eta aurrera

Hendaian eginiko batzarrean, era berean, berrogei urte bete dituzten 25 ikastola omendu zituzten; 16 gipuzkoar eta 9 bizkaitar, hain justu ere. Horietatik bi eskualdekoak ziren: Zarauzko Salbatore Mitxelena eta Azpeitiko Ikasberri, hori herrian izandako ikastolen oinordeko gisa. "Ezustean harrapatu gintuen omenaldiak, ez baikenuen espero", adierazi du Salbatore Mitxelena Ikastolako zuzendariak. Ikasberriko zuzendariak, bere aldetik, omenaldia pozik jaso dutela adierazi du.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide