Udalak inkesta egingo du herrian etxebizitza beharra ikertzeko

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 6a, 11:10
Iñaki Errazkin alkatea eta Aztikerreko Iñaki Iurrebaso ostiraleko prentsaurrekoan. (Nerea Uranga)

Alkatearen esanetan, azterketak Udalak egin beharko duen etxebizitza politika diseinatzeko balioko du

Zazpirehun etxebitzitzatara deituko dute inkesta egiteko

Azpeitiko Udalak etxebizitza arazoaren inguruko inkesta egingo du herritarren artean, Aztiker Jendarte Ikerketaren bitartez. Aste honetan hasiko dira telefonoz etxeetara deitzen gai honetaz galdezka.

Iñaki Errazkin alkatearen esanetan, agintaldia hasi zutenetik etxebizitzaren arazoari heltzea ezinbestekotzat zuten, lehentasunezko arazoa delakoan baitaude. Orain abiatuko duten azterketaren bitartez, "herritarrek etxebizitzari dagokionez dituzten beharrak zuzenean jaso" nahi dituzte.

Inkesta, etxebizitzaren inguruko diagnosiaren atal bat gehiago izango dela azaldu du alkateak. Inkestetatik jasoko dituzten iritziak eta emaitzak, Udalarentzat etxebizitza politika egiteko "lagungarriak" izango dira: "Aurrera begira Udalak egin beharko duen etxebizitza politika diseinatzeko balioko dute", dio.

Zazpirehun inkesta

Aztiker Jendarte Ikerketako Iñaki Iurrebasoren esanetan, inkestaren helburu nagusia Azpeitiko etxebizitza premia aztertzea da.

Zazpirehun etxebizitzatara deituko dute inkesta egiteko. Datorren astean hasiko dira deiak egiten eta bi aste inguru beharko dituzte telefono dei guztiak egiteko. 10:00etatik 21:00etara bitartean deituko dute.

Zeini deitu erabakitzeko "zori sistemaren prozedura" erabili dute. "Herriko guneen eta auzoen arteko presentzia orekatua bilatu nahi izan dugu".

Herriko 700 etxebizitzatara deituta, 1.800-1.900 lagun ingururen informazioa jasoko dutela aurreikusi dute Aztikerrekoek.

Inkesta guztiak telefonoz egingo dituzte, bi hizkuntzatan: euskaraz eta gazteleraz. Elkarrizketa bakoitzak hamabi minutu inguruko iraupena izango du; "batzuetan denbora gehiago beharko da, etxebizitza premia adierazten dutenen kasuan, esaterako". Galdegaiak helburuekin lotutakoak direla azaldu du Iurrebasok: "Etxebizitza beharra asetzearen inguruan galdetuko da. Nola bizi diren, errentan edo jabetzan...". Etxebizitza premietaz jabetzeko asmoa ere badute. Batetik, familia guztiak etxebizitzaz aldatzeko premia duen kasuetan, etxea txikia gelditu zaielako edo beste arrazoi batzuengatik izan al den aztertuko dute. Eta, bestetik, lehengo etxebizitza eskuratzeko premia dutenen kasuak aztertuko dituzte; emanzipatzeko beharra al duten, edo bikotearekin edo lagunekin bizi nahi al duten.

Bestalde, inkestaren baitan eta Udalak eskatuta, herritarren iritzia ere jasoko dute; alegia, erakunde publikoek edota Udalak etxebizitzaren inguruan zer egin beharko lukeen galdetuko dute.

Azalpenak gutun bidez

Inkestak egingo direla adieraziz Udalak gutunak bidaliko ditu etxeetara eta, horietan adierazi bezala, norbaitek inkesta erantzuterik nahiko ez balu, horretarako eskubidea izango du. Dena den, galdeketan jasotako datuak eta iritziak anonimotasunean gordeko ditu Aztikerrek. "Udalari zenbakiak eta emaitzak zenbakietan adieraziko zaizkio. Anonimotasuna gordeko da".

Urriaren 22an, egindako inkestetako emaitzak jaso eta arazketa egiten hasiko dira Aztikerrekoak, emaitzak eta txostenak osatzeko. Inkesten emaitza guztiak azaroaren bukaerarako prest izango dituztela aurreikusten dute.