Presoen Lagunen eta EAJren mozioak aurrera

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 6a, 11:10
Udalbatzarrean hainbat herritar bildu zen, herenegun. (Nerea Uranga)

Amnistiaren Aldeko Mugimendukoei babesa eta elkartasuna adieraztea onartu du Udalbatzak

Aralarrek bi mozioen alde boztatu zuen

Ostegunean, ohiko udalbatzarrean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako auziaren inguruan Presoen Lagunek aurkeztutako mozioak eragin zuen eztabaida. EAJk horren aurrean kontramozioa aurkeztu zuen. Biak bozkatu eta biak onartuta gelditu ziren. Presoen Lagunek aurkeztutakoaren alde ezker abertzaleko zinegotziek eta Aralarrekoak bozkatu zuten. EAJkoak eta EAkoak, berriz, abstenitu egin ziren. EAJk aurkeztutako kontramozioaren alde, EAJk eta Aralarrek egin zuten; EA abstenitu egin zeneta ezker abertzalekoek kontra bozkatu zuten.

Presoen Lagunen mozioak zioenez, AAM auzia-n auzipetu eta epaitu nahi izan dutena, "estatuen biolenziaren eta errepresioaren salaketa eta euskal preso eta errepresaliatu guztiekiko elkartasuna da. Frantziako eta Espainiako estatuek euskal gizartearen eta munduaren aurrean biluzten dituen eta euren izaera ez demokratikoa begi bistako egiten duen lekuko nagusia erditik kendu nahi dutelako".

Presoen Lagunen mozioa onartuta, honako konpromisoak hartu zituen Udalak. AAMko 27 auzipetuei eta mugimenduko militanteei elkartasuna eta babesa ematea. Horrez gainera, auziak ekarritako galera ekonomikoei aurre egiteko 1.500 euroko diru laguntza emango du Udalak. Aralarrek dirua zertan eta nola gastatuko den zehazteko eskatu zuen.

Era berean, AAMk bere lanean jarraitzeko "zilegitasuna" aldarrikatuko du Udalak, "Espainiako estatuaren eta sitema judizialaren aurrean eta bere lan sozialean eta politikoan jarraitzeko ezartzen ari zaizkien trabak gainditzeko exijituz". Era berean, "eskubide zibil eta politikoen urraketa, tortuta eta euskal herritarren kontrako errepresio bidegabearen zerrenda amaigabea ahalbidetzen duen Auzitegi Nazionalaren desagerpena aldarrikako du".

EAJren kontramozioa

EAJko Udal zinegotzi taldeak aurkeztutako kontramozioa ere onartu egin zuten, EAJren eta Aralarren aldeko botoekin. Horren arabera, "EHAK, EAE-ANV, Gestorak eta Askatasunaren ilegalizazio epaiak politikarako parte-hartze eskubidearen aurkakoak dira, eta estatu espainiarraren botere estamentuen ahuleziaren adierazgarri". EAJkoen esanetan, oinarrizko eskubideen etengabeko zapalketak ez dira lagungarri gatazkari irtenbidea emateko, konponbidea oinarrizko "eskubide ororen zapalketa gaitzestetik" eta gatazka politikoa itxiko duen akordio politikoa lortzetik datorrelako, "gure herriak bere etorkizun politikoa erabakitzeko duen eskubide demokratikoa oinarri hartuta". Eragile politikoen ilegalizazio prozesuek, oinarrizko hainbat eskubide "eten" egiten dituzte, "zuzenean euskal gizartearen aniztasun politikoari zor zaion errespetuari eta gure herriko elkarbizitzari eraginez".

Horrez gainera, "azkenaldian ETAk egindako azken atentatuak gogor gaitzetzi eta arbuiatzeko" eskatu zuen EAJk, "SantoƱan armadako brigada Luis Conde de la Cruz jaunari bizia kendu ziona; Ondarroan, Ertzaintzaren aurkakoa eta Gasteizen, Vital Kutxaren kontrakoa".

EAk alderdiko mozioa zuen baina ez zuen aurkeztu, "alderdiak gai horren inguruan iritzia emanda duelako". Gainera, beste bi mozioen aurrean abstenitu egingo zirela azaldu zuten.

Aralarrekok bi mozioen alde bozkatu zuen: "AAMk salatzen duen errepresio politikoarekin bat gatoz. Baina herri mailan beste alderdi politiko batzuk jasaten dutena ere salatu nahi dugu. Esaterako, joan den astean zinegotzi batzuen argazkiekin kartelak azaldu ziren eta ez zaigu bidezkoa iruditzen. Eskubide guztiak guztiontzat, hori da gure leloa", zioen Arellanok.