WIFI nahi duten nuarbetarrentzat izena emateko epea zabalik

Azpiegiturak Egitasmoaren berri emateko herritarrekin egindako lehen bilerak harrera ona izan du

WIFI sistemaren bidez 24 orduz Interneta eta telefonoa aldi berean erabiltzeko aukera izango dute

Azpeitiko Udalak, Itelazpiren bitartez, WIFI sistema jarri nahi du martxan Nuarben, "probako proiektu bezala, gero herriko beste auzo batzuetara zabaltzeko asmoarekin". Egitasmo horren inguruko informazioa emateko lehen bilera joan den hilean egin zuten Nuarbeko elkartean. Egitasmoan parte hartu nahi dutenek igandera arte dute izena emateko epea, bai Nuarbeko Nahi Genduena elkartean baita Azpeitiko udaletxean ere.

WIFI sistemaren bidez 24 orduz Interneta eta telefonoa aldi berean erabiltzeko aukera izango dute. Egitasmoaren inguruko informazioa eskuragarri dago bai Nuarbeko elkartean baita udaletxean ere, nahi duenak ikusi ahal izateko. "Izango baita jendea, bilera ezin izan zuena azaldu baina egitasmoan parte hartzeko interesa duena", azaldu du Xanet Esnaola alkateordeak.

Nuarben harrera ona

Joan den hilean, WIFI sistemaren berri emateko bilera deitu zuen Udalak Nuarben, eta harrera ona izan zuen. "Artzuagako telebista errepikagailuak eragiten dien baserrietako eta etxebizitzetako auzotarrei egin zitzaien bilerarako deia. Hogei lagun inguru azaldu ziren informazio batzarrera. Gainera, bileran bildutako jendeak martxan jarri nahi dugun egitasmoaren inguruan interes handia azaldu zuen", gaineratu du Xanet Esnaola alkateordeak.

Batzuk izena emanda

Nuarben WIFI sistema ezartzeko egitasmoa martxan jarri aurretik, bertan parte hartu nahi dutenek izena emateko epea zabaldu du Udalak. Dagoeneko hogei lagun inguruk eman dute izena, eta horretarako aukera igandera bitartean egongo da zabalik.

Nuarben Interneterako WIFI sistema jartzeko jarri beharreko azpiegitura eta instalazioa Udalak eta Itelazpik ordainduko dituzte orain.

Zabaltzeko amoa

Udalaren asmoa, Nuarben martxan jarriko duten egitasmoa gero herriko beste auzoetara zabaltzea da. "Orain, probako proiektu bezala Nuarben jarriko dugu WIFI sistema. Baina, behin Nuarben ondo funtzionatzen duela ikusten dugunean, beste auzo batzuetara ere zabaltzeko asmoa dago. Esate baterako, Matxinbentan eta Aratz-Errekan ere Nuarbekoen arazo berdina daukate", dio Esnaolak. Baina beste auzoetara zabaltzen hasi aurretik, Nuarben sistemak ondo funtzionatzen duela ziurtatu nahi dute lehenbizi.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide