'Hitzalean' irakurtzeko bilduma

Urola Kostako Hitza 2008ko urr. 2a, 19:10

Zazpi Hitza egunkarien artean, hainbat idazleren narrazioz osatutako lana plazaratuko dute Durangoko Azokan

Eskualde bakoitzean hurrengo bost ostiraletan ipuinak argitaratuko dira; Urola Kostan, besteak beste, Kepa Urbietarena

Zazpi Hitza egunkarietako bakoitzak bere eskualdeko bost idazleren narrazio bana bildu du eta guztien artean liburua osatu dute orain. Egunkarietan Hitzalean izenburupean argiratuko diren narrazioekin osatutako lehen bilduma izango da hau, eta datorren abenduan egingo den 43. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokarako prest izango da.

Guztira, gai baten inguruko 35 narrazio jasoko ditu liburuak. Neguaren atarian kaleratuko bada ere, uda izango da aurtengo ipuinak batuko dituen uztarria. "Gai zabala, ezbairik gabe, eta literaturaren bideetan areago zabaltzeko aukera ematen duena, gainera", adierazi dute proiektuaren arduradunek. Beraz, udako sentsazioak gogora ekarri ahal izango dituzte irakurleek lan honi esker.

Eskualdeko bost idazle

Urola Kostako Hitza-k (Uztarria Komunikazio Taldea bertako bazkide da) eskualdeko bost lagun gonbidatu ditu liburuari ekarpena egiteko. Jesus Mari Olaizola Txiliku eta Nagore Etxabe zarauztarrek, Imanol Azkue zumaiarrak eta Kepa Urbieta azpeitiarrak euren irudimena lanean jarri dute ipuin bana idazteko. Azkenik, Getariako bizilagun Uxue Alberdi elgoibartarraren narrazioa ere irakurtzeko aukera izango da Hitzalean bilduman.

Baina Urola Kostako Hitza-ko irakurleek narrazioak liburuan argitaratu aurretik ezagutzeko aukera izango dute. Izan ere, bihar (ostirala) hasita, datozen bost ostiraletan idazle bakoitzaren ipuina argitaratuko du egunkari honek.

Idazle sonatuak eta oraindik libururik argitaratu gabekoak elkartuko ditu Hitzalean bildumako lehen liburuak. Irutxuloko Hitza-n, esaterako, Harkaitz Cano izango da egileetako bat, eta Goierriko Hitza-n, berriz, Patxi Zubizarreta. Guztiek bat egingo dute liburuan.

Aurrekariak

Hitzalean bildumako lehen liburua izango da Durangoko Azokan aurkeztuko dena. Lehen urte honetan narrazioak gai bati helduta abiaraztea edota gai horren ingurukoak izatea erabaki dute Hitza egunkariek. Aurrerantzean, monografikoei eutsi edota eredua aldatuko den erabakitzeke dago.

Hitza egunkariek Durangoko Azokara eraman duten bigarren liburua da Hitzalean bildumako lehen liburu hori. Aurretik, Hitza egunkariak Ametsetako hitzak liburua plazaratu zuen, 2007. urtean. Eskualde hartako idazleekin eta marrazkilariekin elkarlanean egindako ipuin liburua zen Ametsetako Hitza-k hura. Hamar idazle eta hiru marrazkilarik hartu zuten parte proiektuan eta 6-10 urte bitarteko umeei zuzenduta zegoen.

Aurten, gainera, Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza-k Espainiako Gerrak eskualde hartan utzitako arrastoari buruzko liburua ere plazaratuko du, horretarako urtean zehar egunkarian gai horren inguruan argitaratutako erreportajeak bilduz. Durangoko Azokan izango da eskuragarri liburu hori ere.