Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ETBk atxilotuen inkomunikazio egoera ez aipatzea salatu du

Uztarria.eus 2008ko urr. 2a, 11:10

Espainiako Poliziak Iruñean eta Barañainen lau gazte atxilotu zituen atzo, Segikoak izatea leporatura

ETBko albistegian “atxilotuak argi eta garbi kriminalizatu” zituztela adierazi du AAMk

Espainiako Poliziak Iruñean eta Barañainen lau gazte atxilotu zituen atzo (asteazkena), Segikoak izatea egotzita, eta Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren (AAM) iritziz, ETBko albistegiak “atxilotuak argi eta garbi kriminalizatu” zituen. “Albistegiaren sarrera lau atxilotuei kale erasoak egiteko materiala aurkitu dutela baieztatu dute, inolako iturririk gabe”.

ETBk albistea Espainiako Gobernuko Barne sailaren bertsioarekin hasi eta amaitu zuela dio AAMk. “Albistea sakontzen hasi direnean Barne sailaren bertsioa goitik behera eman dute. Rubalcaba ministroak dioena zabaldu dute, ez besterik”. Inongo unetan atxilotuak inkomunitatuak daudela ez aipatzea salatzen dute, ezta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak tortura arriskuaz ohartarazi duenik ere. “Torturaren aurka lan egiten duten herri mugimenduen hitz isiltzea benetan tamalgarria da”.

AAMren ustez, ETBk atxilotuen inkomunikazio egoera ezkutatu zuen albistea ematean. “Inkomunikazio egoera isildu dute, inkomunikazio egoerari garrantzia kenduz. Inkomunikazio egoera da tortura ahalbidetzen duena, eta egoera hau isiltzeak erraztu egiten du atxilotuak torturatuak izan daitezen".