Kaleratzeak salatzeko Azcue y Cia-ko langileek mobilizazioak hasi dituzte

Azcue y Cia SA enpresako langileek herenegun arratsaldean Landetako biribilgunean ezin guten elkarretaratzea, 'Despidorik ez!' lelo bezala hartuta. (Nerea Uranga)

Langileen Batzordeak mobilizazioak deitu ditu egunotarako, "langileok ezin dugulako geldirik egon"

Bederatzi hilabeteren buruan Azcue y Cia SA enpresan 51 langile kaleratu dituzte, horietatik 16 langile aste honetan

Azcue y Compañia SA enpresako langileak mobilizazitzen hasi dira, Despidorik ez! lelo hartuta. Lehenbiziko elkarretaratzea, herenegun arratsaldean egin zuten, Landetako biribilgunean. Izan ere, enpresako Langileen Batzordekoen (denak ELAko ordezkariak dira) esanetan, "bederatzi hilabetetan 51 langile kaleratu dituzte eta beste batzuk kaleratzeko aukerak daudela aurreikusten dute enpresaburuek". 35 langile Enplegua Erregulatzeko Txostenaren bidez kaleratu zituzten. Aste honetan bertan, ordea, beste 16 langile kaleratu dituzte, baina horiek "baldintza kaskarretan" utzi dituzte kalean. Erregulazio Txostena eman aurretik 205 langile inguru zituen Azcue y Compañia enpresak eta orain 154 langilerekin gelditu da, Langile Batzordekoen esanetan.

Urtarrilean, 35 langile kalera

Joan den urtarrilean, Azcue y Compañia SA enpresako zuzendaritzak Enplegua Erregulatzeko Txostena jarri zuen martxan. Orduan enpresak langileei adierazi zienez, "enpresa krisian zegoen eta egoera kritikoa zen". Ondorioz, 35 langile enpresatik kanpo gelditu ziren. Langileen Batzordekoen esanetan, "batzuk erretiro aurreratua hartu zuten; beste batzuk aldikako langileak ziren; eta izan ziren enpresa euren borondatez utzi zutenak ere".

Beti ere Langileen Batzordearen esanetan, joan den uztailean enpresako kudeatzailea aldatu egin zuten, "eta lantegian aurkeztu zuten gerente berria".

Joan den astean, berriz, Langileen Batzordea deitu zuten zuzendaritzatik eta arrazoi "objektiboengatik, ekonomikoengatik eta produktiboengatik" beste 16 langile kaleratuko zituztela jakinarazi zien zuzendaritzak. Kaleratutako 16 langile horiek herenegun zuten azken lan eguna Azcue y Compañia SA enpresan. "Horrek esan nahi du ezer egiterik ez dugula, langileriaren %10 baino gutxiago da kaleratu dutena eta enpresak horretarako eskumena du; legearen barruan jokatzen ari da", azaldu du Langileen Batzordeak.

"Kaleratzerik merkeena"

Langileen ordezkarien nahia azken kaleratzeak negoziatzea zen baina, diotenez, ez dute izan horretarako aukerarik. "Guk langileen artean sortu den kezkaren berri eman diogu enpresako zuzendaritzari. Gainera, azken kaleratze horietan egin zitekeen modurik merkeenean egin dute: urteko 15 egun kobratzeko aukerarekin kaleratu dituzte 16 langileak". Hori modu horretan egiteko, enpresak langileei emandako arrazoia "enpresa ekonomikoki gaizki" dagoela da: "Enpresatik bota dituzten langileak gutxi izan dira, hau da %10 baino gutxiago, eta enpresaren esanetan ez dago dirurik beste behin Enplegua Erregulatzeko Txostena martxan jartzeko".

Langileak kezkatuta daude, enpresak ez baitu baztertzen aurrerantzean ere beste horrelako kaleratze bat egitea: "Langileon artean batzarra egin genuen eta mobilizazioei ekingo geniela erabaki genuen han. Langileok ezin dugu geldirik egon".

Mobilizatu beharra

Orain gertatu denarekin eta aurrera begira gertatu daitekenarekin langileak kezkatuta daude eta "mobilizatzeko beharra" dagoela ikusi dute: "Orain zaplastada bat jaso dugu eta ezingo dugu bada aurpegiaren beste aldea jarri beste bat jasotzeko. Azken kaleratze guztiak astebeteren buruan egin ditu enpresak".

Egoera ez dela samurra dio Azcue y Compañia enpresako Langileen Batzordeak: "Egoera zaila da. Baina askotan enpresek krisi egoerak langileriaren artean garbiketa bat egiteko erabiltzen dituzte, eta era horretan ekonomikoki arnasa hartzen dute".

Hurrengo mobilizazioak

Enpresak, Langileen Batzordeari Bideragarritasun Plana erakutsi dio: "Batzordeko kideoi, zuzendaritzak eginda duen Bideragarritasun Plana azaldu digu. Horren arabera, 2010. urtetik aurrera enpresak egoera kaskar honetatik irtengo dela aurreikusten du zuzendaritzak. Hau da, orain egoera zaila dagoenean langile garbiketa egingo dute, eta gero gerokoak. Horrelakoetan, ordea, beti galtzen ateratzen dena langilea da".

Hurrengo egunetarako ere elkarretaratzeak deitu dituzte Azcue y Compañia enpresako langileek. Gaur elkarretaratzea egingo dute Landetako biribilgunean, 17:45ean. Larunbatean, berriz, herriko plazan bilduko dira, 12:00etan.

Enpresak erantzunik ez

Urola Kostako Hitza atzo Azcue y Compañia SA enpresako zuzendaritzarekin hitz egiten saiatu zen, baina ez zuen enpresako buruen adierazpenik jaso. Enpresatik egunkari honi adierazitakoaren arabera, zuzendaritzakoak bilduta zeuden.

LAB (Langile abertzaleen sindikatua)

"Langileria ari da ondorioak pairatzen"

Kosta Urolako LAB sindikatuaren ustez, gaur egun eskualdean egurrean eta altzairugintzan bizi den egoera ekonomiko eta laborala, "eraikuntzaren sukar espekulatiboari lotuta dago" eta langileria da "ondorio guztiak pairatu eta bere bizkar hartzen ari dena".

LABen ustez, gaur egun bizi den errealitate horri aurre egin behar zaio, "erantzun beharra dago" eta horretan langileek egin behar dute lan. Sindikatuaren ustez, erantzuteko "bide bakarra" langileen borroka modu antolatu eta bateratu batean artikulatzea da. Lanpostuaren alde lan egin behar dela azpimarratu dute LABetik: "Lanpostuaren aldeko borroka errealak bultzatu beharra daude, borroka hau aldi berean aldaketa sozialaren eta politikoaren aldeko borroka orokorraren baitan txertatuz, soilik aldaketa horiek emanez gero izango baitugu beste eredu ekonomiko eta laboral bat eraikitzeko aukera".

Sindikatuaren arabera, eskualdean urte hasieratik hainbat enpresetako langileak kaleratuak izaten ari dira, "modu ixil baina iraunkor baten bidez". Besteak beste, Azcue y Cia, Astigarraga Kit Line, Kitmar Mobel, Muebles Treku, Enrique Keller eta Talleres Bhir enpresen izenak eman ditu LABk; "eta hain ezagunak ez diren hainbat tailer txikitako langileak ere izan dira kaleratuak".

Azcue y Cia-n barruko lanik ez

LABkoak ez daude ados Azcue y Cia enpresan gauzak egiteko izan duten moduarekin. Hauen ustez, "protagonismo mediatiko hutsa" bilatu dute eta LAB ez dago prest joku "antzu" hori segitzeko. Kritiko azaldu da, beraz, ELAk Azcue y Cian izandako jarrerarekin: "Landetan egin diren elkarretaratzeen harira zera diogu: ezin da onartu Azcue y Cia-n gertatu bezalaxe, Enpresa Batzordeak (denak ELAkoak) kaleratzeei inongo eragozpenik jarri ez izana; alegia, enpresa barruan kaleratzeen aurkako inongo astinaldirik bultzatu ez izana, eta jarraian sindikatu berak enpresatik kanpo kaleratzeen aurkako salaketa egiteko elkarretaratzeak deitzea".

Urola Kosta LAB sindikatuaren ustez, gaur egungo egoeraren larritasunak jarrera sindikal "askoz ere serioagoa eta arduratsuagoa" hartzea eskatzen du, "sindikalismo mediatikoa alde batera utziz eta helburu zehatzen aldeko borrokak bultzatuz".

Enpresariak eta langileria

Azken hamarkadan bai egurrean bai altzairugintzan enpresariek "ikaragarrizko irabaziak" izan dituztela azaldu du LABk, baina langileen bizi baldintzetan aurrerapausorik ez dela eman diote sindikatukoek. "Ekonomikoki hain oparoak izan diren urte hauetan guztietan soldata mailan sortutako aberastasuna ez dute banatu, ez eta soldatak bizitzaren garestitzearen arabera igo ere". Gainera, "prekarietatea eta lan istripuak protagonista" izan direla salatu dute. Enpresariak, aldiz, bestelako egoera bizi izan dute: "Enpresariak ondo arduratu dira beraien irabaziak Ogasunari ezkutatu eta euren diru zorroa exponentzialki handituz joateko".

Erakundeek, ordea, enpresarien aldeko apostua egin dutela salatu dute LABekoek. "Instituzioek, krisiaren arrazoiak kanpo faktoreetan (hidrokarburoak, eli- kagaiak eta euriborra) ipini dituzte. Langileoi egoeraren inguruan erantzukizunez jokatzeko eskatu digute, eta, aldi berean, enpresarien aldeko neurriak bultzatu dituzte: diru laguntzak areagotuz, zergak jaitsiz, azpiegituretan inbertsio publikoak handituz...".

"Langileria protagonista"

Gaur egungo egoerari buelta emateko edota aldaketa gauzatzeko "lehen mailako protagonista" langileriak izan behar du, LAB sindikatuaren ustez. "Norabide horretan, LABek ezinbestekoa den indar metaketaren aldeko autoa egiten du, baina edukiak eta helburuak ondo zehaztuz". Aipatutako irizpideak betez gero edozein borrokaren aurrean LAB "bidelagun izateko" prest dagoela azaldu du.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide