Dirua ez da zoriona

Aimar Irigoien, Izeta II.aren kontrako apustuan ariko da igandean

Tolosako zezen-plazan izango da harri-jasotze lehia, eta bakoitzak 20.000 euro jarri ditu

Azkeneko albistea (hilak 29, 10:00). Irigoien nagusitu da apustuan

Iritsi da eguna. Azken hilabeteetako hizpide nagusietako bat izan da Aimar Irigoienen eta Joxerramon Iruretagoiena Izeta II.a-ren arteko harri-jasotze apustua. Ondoren ere hizketarako gai izango da, ziur. Apirilaren 12an zehaztu zituzten nondik norakoak, Tolosako Kantabriko tabernan (Gipuzkoa). Etzi (igandean) eguerdian (12:00) jokatuko dute apustua, Tolosako zezen-plazan. Lan gogorra eta luzea egin beharko dute, 137,5 kiloko harri kuboa erabiliko baitu bakoitzak, hamar minutuko hiruna txandatan. Txandarik txandara bost minutuko tartea izango da. Halere, lanak baino gehiago diruak piztu du ikusmina. Izan ere, alde bakoitzak 20.000 euro jokatzen ditu.

Izeta II.a aiarrak esperientzia handia du harri-jasotzen, 41 urte ditu eta aurretik apustuak jokatuta dago. Gauzak argi dituela azaldu zuen hilaren 17an egindako prentsa agerraldian: “Honelakoetan normala da nerbio puntua izatea, apustua handia baita. Nolanahi ere, nik Aimar txiki-txikitatik ezagutzen dut, nirekin entrenatzen ere aritu zen, eta beti izan gara lagunak. Orain lan ona egin nahi dugu, irabazi edo galdu, jendea gustura gera dadila. Eta geure artean, berriz, irabazten duenari bostekoa eman, eta berriro lagun izatea, hori izango da garrantzitsuena”.

Zaleek bi zalantza dituzte. Aurrenekoa, bietako nork irabaziko duen, eta bigarrena, irabazten duenak zenbat jasoaldi egingo dituen. Aiako harri-jasotzaileak ez zuen horri buruzko argibiderik eman: “Denok egiten ditugu gure kalkuluak etxean, baina gero, askotan, erreferentzia horiek ez dute balio. Egun horretan eta plazan zer moduz zauden kontuan hartu behar duzu. Argi dago hiru txanda on egin behar dituzula eta bukaerara ongi iritsi behar duzula. Ez du balio bi ongi egin eta batean kale egitea”. Orain bost urte antzeko apustua jokatu zuen Goenatxo II.aren aurka, eta esperientzia hori baliagarri izan zaio. “Nik orduan baino bost urte gehiago ditut orain, baina lana antzekoa da, eta prestakuntza aldetik gauzak berdintsuak dira”.

Apustuetan hasi berria

Aimar Irigoienek jokatuko duen lehen desafioa izango da. Errezilgo harri-jasotzaileak 22 urte ditu. Apustuetan eskarmenturik ez izan arren, txapelketetan badu, eta ez nolanahikoa, harri handietako eta txikietako txapelduna baita. Dena den zuhur azaldu zen hilaren 17an: “Presio handia sumatzen dut, eta urduritasuna ere ezin dut gainetik kendu. Niretzat, gainera, honelako zerbait egiten dudan lehen aldia da. Lehendabiziko aldiz apustua, eta hiru hamarrekotara jokatuko dudan lehen aldia ere bai. Horrek beti ematen dizu kezka, baina, aldi berean, eguna heltzeko irrikaz nago”. Bestalde, egin beharreko lanaren gogortasunaz ere mintzatu zen Errezilgo harri-jasotzailea. “Nire prestakuntza erabat aldatu behar izan dut apustu honetarako, dena izan da berria. Lana luzea da, eta prestakuntza fisiko on batekin heldu beharra dago”. Gaztea lau hilabetez aritu da buru-belarri lanean.

Azkeneko albistea (hilak 29, 10:00). Irigoien nagusitu da apustuan.

Aimar Irigoienek irabazi zuen atzo (igandea) apustua. Zazpi jasoaldiko aldea kendu zion Izeta II.ari: 115-108. Irigoienek 38, 38 eta 39 jasoaldiko txandak egin zituen, Izetak 38, 38 eta 32koak.

.3.500 lagun inguru joan ziren Tolosako zezen-plazara.

Kronika Garan eta Urola Kostako Hitzan.

Argazki bilduma Urola Kostako Hitza-n.

Irigoieni elkarrizketak 'Urola Kostako Hitza'-n eta 'Gara'-n (hilak 27, 10:35).

Igandeko apustua dela-eta, Urola Kostako Hitzan eta Garan elkarrizketa egin diote Irigoieni. Zera dio Urola Kostako Hitza-n: "Bost hilabete daramatzat entrenatzen, ez dut egun bakar batean ere huts egin". Gara-n: "Atzetik ditudan jarraitzale horiengatik egiten dut hau guztia".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide