Bihar, ostirala, hasiko da Azpeitiko IX. Erremonte Txapelketa

Erremonte Txapelketan parte hartuko duten erremontistak eta Manuel Unanue Udaleko Kirol Batzordeburua.

Kanporaketetako sarrera doan jarri dute

Bihar, ostirala, jokatuko dituzte lehen partidak Izarraitz pilotalekuan, 22:30ean hasita

Azpeitiko IX. Erremonte Txapelketako lehen kanporaketa bihar da, 22:30ean, Izarraitz pilotalekuan. Txapelketako partida guztiak ostiraletan eta 22:30ean hasita jokatuko dituzte, aurreko edizioetan bezalaxe. Aurten, ordea, txapelketaren data pixka bat atzeratu egin dute, Herriarteko Pilota Txapelketarekin bat ez egiteko: "Aurreko urteetan maiatzean edota ekainean hasi izan da txapelketa, baina aurten Herriartekoarekin bat ez egiteko atzeratu egin dugu. Ea horrela pilotalekura etortzera jende gehiago animatzen den". Hamasei erremontistak parte hartuko dute lehiaketan.

Kanporaketak bi egunetan jokatuko dituzte, bihar eta uztailaren 4an. Lehiatuko diren bikote ia guztietan bat herritarra dela nabarmendu du Enrique Elizalde Galarretako intendenteak, "horregatik, txapelketan nagusi herriko erremontistak izango direla esan dezakegu". Pilotari baten debuta ere izango da txapelketan, Baleztenarena, "Josu Baleztenak lehen eskuz jokatzen zuen eta gaur egun erremontean dabil. Honek aurreneko aldiz parte hartuko du txapelketan". Elizalderen esanetan, "txapelketa motza baina interesgarria izango da".

Kanporaketetako sarrera doan

Kanporaketetako sarrera doan izango da, finalerdietakoa sei euro eta finalekoa hamar euro, era horretan jendea eraman nahi dute pilotalekura, hala azaldu zuen Manuel Unanue Udaleko Kirol Batzordeburuak: "Gure helburu nagusia pilotazaleak pilotalekura eramatea da, herriko eta bailarako erremontista gazte ugarik parte hartzen duelako eta horientzako ikusleak pilotalekuan izatea garrantzitsua da. Horregatik, kanporaketak doan jarri ditugu eta gainontze partidetako prezioak ez dira altuak. Beste formula batzuk ere aztertzen jardun dugu, baina hurrengo urtean edo ezarriko ditugu".

Juan Antonio Ercilla Galarretako gerenteak, Azpeitiko Udalari eskerrak eman zizkion, "txapelketa antolatzen laguntzeagatik".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide