Aurten bukatuko dute Soreasuko bi eraikinen kanpoko egitura

Soreasuko kulturgunea osatuko duten bi eraikinen lanak aurten bukatu nahi dituzte.

Lur azpiko garajeak eta kanpoko bi eraikinak eginda, edukia eta barruko instalazioen lanak esleitzea falta zaio Udalari

.5.003.080 euro kostatutako da lehen fasea: bi eraikinen egitura edota kanpoaldea

Soreasu kulturgunearen kanpokaldeko egitura osoa aurten bukatuko dute. "Urtearen bukaerarako kanpoko eraikina amaituta egongo dela aurreikusten da", dio Arturo Rivasek, Azpeitiko udaletxeko arkitektoak. Kulturgunearen bi eraikinak ari dira egiten orain: bata auditorioa izango da, eta beste eraikinak lokalak hartuko ditu.

Rivasen esanetan, "aurreko fase batean Soreasuko lur azpiko garajeetako lanak egin ziren, eta orain lehen fasekoak egiten ari dira: hau da, kulturgunearen eraikina edota kanpoaldeko egitura eta etxaurrea". Bigarren fase bateko lanak oraindik emateko edota esleitzeko daudela azaldu du arkitektoak. Lanen hurrengo aldi horretan barruko edukia eta instalazioak egingo direla azaldu du. "Barruko edukia eta instalazioak esleitzeko prozedura ez dakigu nola egingo den, fase bakar batean edota gehiagotan; hori udal agintariek erabaki beharko dute".

Barruko edukiaren oinarrizko proiektua eginda dago, arkitektoaren arabera, baina "gauza batzuk zehaztea" falta da.

.5 milioi

.5.003.080 euro kostatuko da Soreasuko kulturgunearen lehen fasea: bi eraikinen egitura edota kanpokaldea. Antzibar SA enpresa ari da egiten.

Hurrengo faseko lanak (eraikinaren edukia eta instalazioak) esleitu gabe daude oraindik, ordea.

.5.409.000 euroko aurrekontua. Udalak 2006ko otsailaren 9an Soreasuko kulturgunearen proiektua aurkeztu zuenean 5.409.000 euroko aurrekontua zuela azaldu zuen.

Soreasuko kulturgunearen lanen orain arteko bilakaera

  • 2001. Udalak Soreasu erosi zuen, «goitik behera eraberritzeko» asmoarekin.
  • 2004 ko apirila. Udala Soreasuko kulturgunearen egitasmoa lantzen hasi zen.

-Apirilak 22: Soreasu kultura eta gazte gune berria izenburupean, Udalak bilera antolatu zuen herriko taldeekin. Bertan udal ordezkariek azaldu zutenez, aurreikusitako proiektuak bi fase izango zituen: «Lehen fasean gunearen metroak eta baliabide orokorrak zehaztuko dira. Bigarrengoan, aldiz, herriko taldeek dituzten beharren arabera zehaztuko da». Orduan, Soreasuk 4.800.000 euroko aurrekontua izango zuela esan zuten.

  • 2005eko martxoa. Udalak jakinarazi zuen, Soreasuko proiektuarekin lotuta Eusko Jaurlaritzako Izartuk 1,4 milioi euroko diru laguntza eman zuela.
  • 2005eko maiatza. Soreasuko kulturgunerako aurkeztutako proiektuak jendaurrean erakusgai jarri zituzten, udaletxe azpiko aretoan. Zortzi proiektu jarri ziren.
  • 2005eko ekaina. Ekainaren 23an Julian Eizmendi alkateak (EAJ) emandako ebazpen baten bidez Soreasuko proiektua Tarteka egitasmoari eman zitzaion. Proiektuaren egileei 232.758 euro (gehi %16 BEZ) ordaindu zitzaien.
  • 2005eko iraila. «Soreasu ekipamendu sozio-kulturala eraiki eta hirigintza aldetik zonaldea biziberritzeko», Asier Acuriola eta Fernando Bajo arkitektoek Tarteka izenarekin aurkeztutako proiektua aukeratu zuela jakinarazi zuen Udalak jendaurrean.

Udalak orduan emandako datuen arabera:

-Eraikinak 5.323, 87 metro koadro izango ditu.

-Auditorioak 550 eserleku izango ditu.

-Lehen fasearen aurrekontua: 5.000.000-5.400.000 euro artean (lur azpiko aparkalekuaren aurrekontua hortik kanpo gelditzen da).

-Finantzabidea: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza.

  • 2005eko abendua. Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Soreasu kultur ekipamenduko lanak finantzatzeko 1.750.000 euroko laguntza ematea onartu zuen.
  • 2006ko otsailak 9. Udalak Soreasurako bere proiektua aurkeztu zuen bilera zabalean. Hasierako proiektua mantendu zuen, aldaketarik egin gabe, Uztarria Kultur Koordinakundeak prosatutako Kafe Antzokia baztertuz.

Kulturgunearen ezaugarriak honakoak izango zirela zehaztu zuen orduan Udalak:

-Lur azalera: Eraikin guztiak 2.200 metro koadroko lur azalera hartuko du.

-Aurrekontua: 5.409.000 eurokoa. Erdia, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak lagunduko dute.

-Auditorioa: 600 lagunentzako lekua izango du.

-Taldeak: Auditorioari lotutako eraikinean musika, dantza eta abesbatzekin lotutako taldeak egongo dira, «auditorioko taula beharko badute, gertu egoteko». Beste eraikin bat kultur etxea izango litzateke, erabilera anitzeko gelekin eta tailerrekin. Hiru areto daude 15-250 metro koadro artekoak, hainbat erabilera izan ditzaketenak.

-Kafetegi txikia: Gune guztiek bat egiten dute lekuan erabilera anitzeko aretoa egongo da. Areto horrek agertoki bat jartzeko aukera izango du, bi maila dituelako; kafetegiarekin eta aretoarekin espazio bakar bat egin daiteke.

-Lanen epeen aurreikuspena: 2007ko abendurako lanak esleitzeko prozesua bukatzeko asmoa zuen Udalak.

  • 2006ko otsaila. Uztarria Kultur Koordinakundeak Udalak Soreasun izandako jarrera kritikatu zuen, ez zituelako kontuan hartu herriko taldeak.
  • 2006ko maiatza. Soreasuko areto zaharra bota zuten. Maiatzaren 9an hasi zituzten lanak, hiltegi zaharra botatzean.
  • 2006ko ekaina. Kulturgunearen azpiko aparkalekuak egiteko lanak hasi ziren. Aparkalekuek bi solairu dituzte; 267 autorentzako lekua egitea aurreikusi zuten. Aurrekontua, 3.255.219 eurokoa zen.
  • 2006ko ekaina-urria. Soreasuko lanak geldituta egon ziren, lur azpian uste baino ur gehiago azaldu zelako.
  • 2007ko martxoa. Alkateak martxoaren 6an emandako ebazpenaren bidez, Soreasuko ekipamendu soziokulturala eraikitzeko proiektuan jasotako lehen faseko lanak kontratatzeko espedientea onartuta gelditu zen.
  • 2007ko martxoak 29. Udalbatzarrean Soreasuko kultur ekipamenduen lanetaz eztabaidatu zuten orduko udal agintariek. Orduan alkate zen Julian Eizmendik (EAJ) Soreasuko kulturgunea egiteko lehen deialdia hutsik gelditu zela adierazi zuen, eta bigarrena deitu aurretik zenbait baldintza aldatu zituztela. Aldatutako baldintzek, batik bat eraikinaren edukiari eragingo ziotela esan zuen. Iaz, edukia eta gorpuzkera biak egitea aurreikusten zuten aurrena, baina kanpoaldea bakarrik egingo zutela esan zuten ondoren; edukiari dagokiona aurtengorako utzi zuten. Gainera, hasierako aurrekontua %15 igoko zutela esan zuen orduan alkate zenak.

Habeak, aldaketaren aurrean, kulturgunea eraikitzeko baldintzak zehaztu zirenean aldaezinak izango zehaztu zutela gogorarazi zien; orduan aldatzearen koherentzia eza kritikatu zuen.

EAkoek, berriz, azpian ur potzuak aurkitu izanak garestitu zuela argitu zuten.

  • 2007ko maiatzak 3. Udalbatzarrean hartutako akordioaren bidez, Soreasu kulturgunearen lehen faseko lanak Antzibar S.A. enpresari esleitu zitzaizkion; 5.003.080 euroko kontratuarekin. Lanak egiteko hamar hilabeteko epea eman zitzaion enpresari.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide