Azpeitia, Uemako kide

Urola Kostako Hitza 2008ko api. 5a, 15:04
Goi-goiko argazkian, ezohiko udalbatza. Bigarrenean, ondorengo ekitaldian Itsasikoen saioa. Hirugarrenean, Jon Bollar Uemako lehendakaria. Laugarrenean, ekitaldi ondorengo luntxa.

Gaur onartu dute ezohiko udalbatzarrean, eta ondoren ekitaldia izan da

EAJk kontra bozkatu du; beste denek, alde

Azpeitia udal euskaldunen elkargunean sartu da: Ueman (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea). Gaur (larunbata) hartu dute erabakia udal arduradunek, eta Ueman beste 52 udalerrirekin batera jardungo da Azpeitikoa, "herritarrek egiten duten bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua, euskaraz izan dadin bideak urratzen".

Ezohiko udalbatzarrean hartu dute Uemako kide izateko erabakia. Gaur zen udalbatzarra. Goiztiarra. 10:00etan zuten hitzordua jarrita. "Erabaki berezia denez, ezohiko batzar bat merezi duela uste dugu", esan du IƱaki Errazkin (EAE-ANV) alkateak hasi aurretik.

Udalbatzar aretoan, beste udalbatzarretan ez bezala, herritarrak bildu dira Udaleko arduradunei babesa emateko. Erabakia hartu eta gero txaloak ere jo dituzte.

Arantxa Isart (EAE-ANV) Udaleko Hezkuntza eta Euskara batzordeburuak Ueman sartzeko erabakiaren arrazoien berri eman du. "Azpeitian euskararen arloan lan asko egin da, baina oraindik ere hutsuneak baditugu. Ueman sartzea aurrera emango dugun beste pauso bat da. Udalerri euskaldunekin batera sarea handitzen eta indartzen joango da, eta guztiok batera indar gehiago egingo dugu lur-gune euskalduna sortzeko, non bere funtzio guztiak euskaraz burutu ahalko dituen".

Kontrako botoa

Azpeitia Ueman sartzearen alde egin dute EAE-ANV, EA eta Aralarrek. EAJk, aldiz, kontra bozkatu du. EAJren erabakiaren berri Ana Mendizabal zinegotziak eman du eta, haren ustez, "administrazioak administrazioaren bideak jarraitu behar ditu, eta Eudelen baitan udal sarea sortuta dago. Eusko Jaurlaritzak baditu bere planak eta hoiek bultzatzen jarraitu behar dugu, ez dugu beste erakunde paralelorik jarraitu edo sortu behar, orain arte emandako pausoek emaitza onak eman dituzte-eta".

Ostegunean Bai Euskarari Akordioari ere ezezkoa eman zion EAJk, ohiko udalbatzarrean. Orduan ere Udalak administrazioak bultzatutakoa jarraitu behar duela esan zuten EAJkoek, Bikain ziurtagiria bultzatuta, eta ez "enpresa pribatuen ekimenak".

Mallabiatik etorrita

Alderdi bakoitzak bere arrazoiak eman, bozkatu eta Azpeitia Ueman sartzeko erabakia hartu dute. Beraz, Uemako 53. herria da Azpeitia.

Mallabia (Bizkaia) izango da hurrengoa; apirilaren 17an udalbatzar berezi batetan Ueman sartzeko erabakia hartzeko asmoa dute. Aitor Loiola (EAE-ANV) Mallabiko alkatea gaur Azpeitian izan da, udalbatzarrean. EAJk hartutako jarrerarekin "txundituta" agertu da. "Gure herrian EAJk bestelako jarrera du Uemaren inguruan, ez nuen espero Azpeitian EAJk jarrera hori erakutsiko zuenik. Mallabiako kasuan Ueman EAJk eta EAEk ordezkaritza bana izateko asmoa dugu. Baina Azpeitian gertatutakoa ikusita, ez dakigu zer gertatuko den gurean".

Udalbatzarra bukatu eta udaletxeko arkupetan jaialditxoa egin dute. Han Nekane Zinkunegi eta Xebaxtian Lizaso aritu dira bertsotan, eta Itsasi Dantza taldekoek Ikurrin dantza egin dute.

Erabakita eta ospakizuna eginda, gaurtik Azpeitia Uemako beste kide bat da. "Azpeitiak pauso hori emanda, hizkuntzaren normalizazioan konpromiso sendoa hartu du", esan du Jon Bollar Uemako lehendakariak. Erabaki honek bai Azpeitiari eta baita Uemari ere emaitzak emango dizkiola gaineratu du. "Batasunak indarra ematen du, eta hizkuntza politika bateratua egiteko aukera izango dugu".

Udal euskaldunen elkarguneko kide egin da Azpeitia. "Urrats sendoa egin du, baina orain ezin gara lokartu, oraindik egiteko asko dagoelako", esan du Bollarrek.

Uztarria herri aldizkariko martxoko erreportajea