Gutxietsitako lanetara behartuta

Uztarria.eus 2008ko mar. 26a, 14:03
50 bat lagun izan ziren hitzaldian. Bukaeran elkarren esperientziak elkartrukatu zituzten.

Emakume etorkinen lan baldintzen inguruko hitzaldia eskaini zuen Silvia Carrizo kazetariak atzo, asteartea, Bageran

Carrizoren arabera, "berdintasunaren gizarte honek sistema patriarkalaren oinarri berdinak ditu, gutxietsitako lanak emakume etorkinen gain uzten ditu eta horrela sistema ez da zalantzan jartzen"

“Gizartean gutxien baloratutako lanetara behartuta dago emakume etorkina”. Hala azaldu zuen atzo, asteartea, Silvia Carrizo kazetari argentinarrak Bageran (Aitonena) emakume etorkinek Euskal Herrian bizi dituzten lan baldintzen inguruan eskainitako hitzaldian. Carrizoren arabera, “berdintasunaren gizarte honek sistema patriarkalaren oinarri berdinak ditu, gutxietsitako lanak emakume etorkinen gain uzten ditu eta horrela sistema ez da zalantzan jartzen”.

“Gizarte patriarkal eta kapitalistak emakumeei familiaren zaintzaile izatea egotzi die”. Baina gaur egungo lanaren banaketa berriak eta bertako emakumeak esparru publiko, profesional eta laboraletan bidea egiteak emakume etorkinen gain utzi ditu etxeko lan eta familiaren zainketak. “Horrela, egungo sistema ez da zalantzan jartzen, ez da behar bezala hausnartzen eta ez da aldatzen”, dio.

Manos que mueven el mundo txostena

Malen Etxeako kidea da Carrizo eta erakunde horrek 2006 eta 2007 urteetan egindako azterketa baten ondorengo txostena oinarri hartuta eskaini zuen hitzaldia. Manos que mueven el mundo txostenak, testigantza eta galdeketen bidez, etxeko lanetan aritzen diren emakume etorkin internoen (etxean bertan bizi direnak) lan baldintzen inguruko informazioa jasotzen du.

Txostenaren ondotik, emakume etorkinen lanaren kontuan hartzeko bi alderdi nagusi atzeman zituztela azaldu zuen Carrizok: “bata, emakumeek hilero beren jaioterrietara bidaltzen dituzten diru-kopuruak, itzuleraren antolaketa eta umeak eta adinduak zaintzeak bere baitan duen lotura emozionala eta afektiboa, zeina ikusezina den etxeko lana ebaluatu eta saritzerakoan”.

Ildo beretik, EAEn etxeko lanetan aritzen diren emakume etorkin interno gehienek 10 ordu baino gehiago lan egiten dutela ondorioztatu zuten. Horrez gain, gehienek ez dute lan egun librerik, asteko zazpi egunetan gaua lan egiten duten etxean pasa behar dute, ez dute oporrik kobratzen, ez dute urteko paga berezia jasotzen, ez daude alta emanda etxeko lanetan aritzen diren langileen erregimen berezian, eta bataz beste 800 euro kobratzen dituzte hilean.

Manos que mueven el mundo-k etxeko lanetan aritzen diren emakumeen lan baldintzen inguruan hausnartzea du helburu: “hasteko, protagonistekin beraiekin, beren lekua aurkitzen laguntzeko; gero, gizarteko alderdi guztiekin berdintasunaren gizarte honek sistema patriarkalaren oinarri berdinak dituelako eta ildo beretik, Estatuek diseinatutako politikak salatzea premiazkoa deritzogu, emakume etorkinak gizarte mailan gutxietsitako lanetara bultzatzen dituelako, garapen profesionala eta pertsonala lortzeko politikak kontuan hartu gabe”, esan zuen kazetari argentinarrak.

Esperientzien elkartrukea

Hitzaldiaren ostean, parte-hartzaileek hartu zuten hitza eta elkarren esperientziak elkartrukatu zituzten. 50 bat lagun izan ziren hitzaldian.