Euriteen ondorena

Uztarria.eus 2008ko mar. 25a, 11:03
Urola ibaia gaur, asteartea, goizean.

Azken egunetako euri eta elurren ondorioz, Nuarbeko Ibai Eder urtegia %63,02an dago beteta

Iaz, garai honetan %100en betetzera iritsi zen

Azken egunetako euri eta elurrek eragina izan dute inguruko erreketan. Uren emaria handia izan da eta Azpeitiko errekak emankor datoz gaur, asteartea. Euri eta elurrek urtegietan ere eragina izan dute. Hala, Nuarbeko Ibai Eder urtegia %63,02an dago beteta, Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren gaurko datuen arabera.

Joan den urtean, Ibai Eder urtegia baxu egon zen, inoiz ez bezala: urtarrilaren bukaeran %32,39 beteta. Gero, ordea, martxoan egindako eurite eta elurteen ondorioz, %100 betetzera iritsi zen. Hiru hilabete eskasean igaro zen urtegia behin ere baino baxuago egotetik guztiz beteta egotera.

Nuarbeko urtegiak Azpeitia ez ezik, Azkoitia, Zestoa, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orio herriak hornitzen ditu. Hau da, 65.308 biztanle. Denera 11,3 hektometro kubikoko edukiera du.