Gorka Apalantzak lortu du garaipena euriak baldintzatutako Rallysprintean

Aitor eta Gotzon Lazkano anaiak Jon eta Mikel Arregi anaiekin. Laurak dira azpeitiarrak.

Gidari errezildarrak auto lasterketaren hasiera-hasierako txandatik hartu zuen abantaila

Iñaki Alberdi azpeitiarrak hirugarren sailkatzea lortu zuen

Gorka Apalantza (Subaru Impreza WRC) errezildarrak irabazi zuen atzo IX. Ikasberri Rallysprinta. Azpeitian hasi eta Errezil-Bidegoian artean izandako auto lasterketan, minutuko aldea atera zion Xabier Lujuari. Hirugarrena Iñaki Alberdi azpeitiarra izan zen.

Euria izan zen atzoko lasterketan protagonista nagusia, Rallysprintaren nondik norakoa baldintzatu baitzuen. Eguraldia zalantzatsu ibili zen arratsalde guztian, eta lasterketa gelditu egin behar izan zuten denbora luzez. Izan ere, bi txanden artean, jendea mugitu egin zen euritik babesteko, leku arriskutsutan kokatuz.

Gurpilen abantaila

Bestalde, euriak gidarien lana ere asko baldintzatu zuen. Lasterketa hasterakoan euria hastear zegoenez, ia gidari guztiek lurzoru bustirako gurpilak aukeratu zituzten. Ibilbidearen zati handi bat lehor zegoen, ordea, eta honek lurzoru bustirako gurpilak erabat txikitu zituen. Gorka Apalantzak bakarrik jarri zizkion kotxeari lehorreko gurpilak, eta honek abantaila handia eman zion lehenengo txanda amaitzerako. Abantaila hori nahikoa izan zuen errezildarrak garaipena eskuratzeko. Joxe Labaka azpeitiar gidaria erretiratu egin zen, autoak olioa galdu zuelako. Ramon Apalantza errezildarra ere erretiratu egin zen istripua izan zuelako.

Herriko zazpi gidari lehian

Herriko zazpi gidarik parte hartu zuten lasterketan: Joxe Labaka, Iñaki Alberdi, Aitor Lazkano, Jon Arregi, Andoni Oruezabal, Xuban Uzkudun eta Aritz Elgarresta. Iñaki Alberdik podiumean sartzea lortu bazuen ere, Joxe Labaka eta Aitor Lazkano gidariek ez zuten lasterketa bukatzea lortu. Beste guztiek amaitu zuten karrera.

Sailkapena

.1. Gorka Apalantza/Aitzol Apalantza, 19:38.

.2. Xabier Lujua/Txiki Burgos, 01:00ra.

.3. Iñaki Alberdi/Jorge del Cid 01:04ra.

(Sailkapen osoa Lagun Artea eskuderiaren web orrian).

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide