Jesus Mariatan teilatu berria jartzen ari dira, hondatuta dagoelako

Jesus Mariatako komentuan teilatua konpontzen ari dira.

Lehen zegoen uralita kendu eta teila gorria jartzen ari dira Loiolarako bidean dagoen komentuan

Komentuan 17 moja bizi dira gaur egun; "gogo-jardunetarako etxea ere bada"

Teilatua hondatuta dagoelako, konpondu eta teila berria jartzen ari dira Azpeititik Loiolarako bidean dagoen Jesus Mariatako komentuan.

Iaz, martxoaren 21ean, tximista batek jo zuen Jesus Maria komentuko dorrea eta, ondorioz, sute txiki bat sortu zen, goizeko 03:30ak aldera. Suteak sortutako kalteak konpontzeko lanak hasi zirenean, teilatua "egoera kaskarrean" zegoela ohartu ziren, hala kontatzen du komentuko moja batek. "Lehen uralita zegoen teilatuan eta nahiko eskasa zen. Langileek, teilatua konpondu beharrean zegoela esan ziguten eta, Madrilera (Espainia) jo genuen, gure arduradunengana, teilatua konpontzeko baimen eske. Teila berria jartzeko baimena eman ziguten, eta teilatua konpontzeko lanak udazkenarekin hasi ziren". Lehen, komentuko teilatua beltza zen eta orain jartzen ari diren teila gorria da; "niri gehiago gustatzen zait orain", dio mojak. "Gainera, logelak azken solairuan ditugunok antzeman dugu dagoeneko teila berria jarri dutela; alde ederreko epeltasuna!".

Gogo-jardunetarako etxea

Jesus Maria komentuan 17 moja bizi dira gaur egun eta, garai batean "eliteko ikastetxea" baldin bazen, gaur egun "gogo-jardunetarako etxea da". Talde handiak nahiz txikiak edota banakoak hartzeko prestatuta dute komentua. Eraikineko zati batzuk, aldiz, alokatuta dituzte, "lokal batean, buruko gaixotasuna dutenentzako zentroa dago eta, beste batean, Itsasi Dantza Taldekoen lokala".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide