Ganadu feriak eta sokamuturrak arriskurik ez dute dagoeneko

Astelehenean kenduko dute Gipuzkoan ganadua mugitzeko debekua; mingain urdinaren gaitza dela-eta jarri zuten

Azpeitian feriarik ez da izan azaroan, ezta Errebaleko festetan zezenik ere

Azpeitian berriz ere egin ahal izango dira ganadu feria eta sokamuturra, abenduaren 3tik (astelehenetik) aurrera ardiak, behiak eta ahuntzak mugitzeko baimena egongo dela jakinarazi duelako gaur (osteguna) arratsaldean Gipuzkoako Foru Aldundiaren Landa Garapenerako sailak. Mingain urdinaren gaitza dela-eta azkeneko asteetan debekua jarri zuen Foru Aldundiak.

Hileko hirugarren asteazkenean izan ohi da Azpeitian ganadu feria, plazan. Azaroan, ordea, ez da ganadurik izan, aipatutako debekuagatik. Errebaleko festetan, berriz, ez zen izan urteroko sokamuturrik (azaroaren 10ean), arrazoi beragatik.

Abenduaren 19an izango da herrian hurrengo ganadu feria, eta datorren sokamuturra, San Sebastian egunean (urtarrilaren 20an) eta hurrengo egunean.

Gaixotasuna Donostialdera mugatuta dagoela esan du Aldundiak, eta gaitza zabaltzeko arriskua "murriztu" egin dela azkenaldiko eguraldi hotzak direla-eta.

Azaroaren 14an hasi zuten mingain urdinaren gaitzaren kontrako txertaketa Gipuzkoan. Gaitza antzeman zen tokian hasi ziren —Errenterian eta Oiartzunen—, eta handik Gipuzkoa osora zabaldu dute. Guztira 4.500 behi eta ardi azienda daude herrialdean.

Orain egoera hobetu egin den arren, txertaketarekin "zorrotz" segituko dute, gaixotasuna errotik ezabatu arte.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide