Grumaleko langileek greba mugagabeari ekingo diote astelehenean

Urola Kostako Hitza 2007ko uzt. 7a, 15:07

Enpresaren irabazien araberako soldata igoera eskatzen dute 2007, 2008 eta 2009. urteetarako itunean

Aurreko egun batzuetan ere egin dute greba (Urola Kostako Hitza)

Grumal enpresako langileek greba mugagabeari ekingo diote astelehenetik aurrera, enpresaren irabazien araberako soldata igoera eskatzeko.

ELAko ordezkari Josu Galarragak azaldu duenez, urteko 14 lansarietan, 82 euroko gehigarria ematea eskatzen dute; lantokiko zuzendaritzak, berriz, 60 eurokoa eskaintzen du. Txandakako lanean, urteko 11 lansarietan, eguneko bi euroko gehigarria eskatzen dute, urtarrilaren 1etik aurrera kobratzeko; enpresak, aldiz, 0,50 eurokoa eskaintzen du, hitzarmena sinatzen denetik aurrera kobratzeko.

Gauean lana egiten duten langileei dagokienez, gaueko 18 euroko gehigarria eskatzen dute ELAkoek, eta 13,25 eurokoa eskaintzen die enpresak. Antzinatasunerako, bajetarako eta distantzietarako, 11.000 euro kudeatzea eskatzen dute langileek; enpresak 8.000 euro eskaintzen ditu.

Grumal enpresan 2006an bukatu zuten lau urteko hitzarmena eta lau hilabetez langileen ordezkariak zuzendaritzarekin bilduz jardun dira 2007rako, 2008rako eta 2009rako lan hitzarmen bat lortzearren. Negoziaketek “fruiturik ematen ez” dutela eta, ekainaren 22an batzarra egin zuten. Hasiera batean ekainaren 29ean, uztailaren 4n eta 6n greba egitea erabaki zuten baina, azkenean, ekainaren 29an batzarra egin zuten. Beste bi egunetan lan egin eta oraindik akordiorik lortzen ez bazen greba mugagabeari ekitea erabaki zuten. Hala, astelehenean ekingo diote grebari.