Basazabal hotelerako proiektuak abuztura arte jasoko dituzte

Basazabal jauregia hotel bihurtzeko bidean da.

Aurreproiektua eta bideragarritasun planaz gain, lanen, ustiaketa eta mantenuaren proiektua ere aurkeztu behar da

Alokairu moduan eraikina ustiatzeko 50 urte izango ditu kontratua eskuratzen duenak, sinatzen den egunetik hasita. (Urola Kostako Hitza)

Maiatzaren 3ko udalbatzarrean onartu ziren Basazabal hotel bihurtzeko errentamenduaren oinarriak eta aste honetan bertan argitaratuko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Kontratazio honen txostena Azpeitiko Udaleko idazkaritzan ikusi ahal izango da GAOn argitaratzen denetik abuztuaren 31ra bitartean, egun hau barne. Azken egun honetatik aurrera jasotako proposamenak ez dira kontuan hartuko.

Lehiaketaren oinarriak

Errentamenduaren eskatzaileak aurreproiektuarekin eta bideragarritasun planarekin batera, lanen eta jardueren proiektua eta hotelerako proposatzen duten ustiapenaren eta mantenuaren proiektua aurkeztu beharko ditu.

Eskatzaileak banaka edo enpresen elkarte moduan aurkeztu daitezke. Hori bai, hasiera batean banaka aurkeztutako enpresak ezingo du aldi baterako elkarkidetza hitzarmenik sinatu.

Alokairu moduan eraikina ustiatzeko 50 urte izango ditu kontratua eskuratzen duenak, sinatzen den egunetik hasita.

Hotela esleitzeko lehiaketan 100 puntu eskuratu ahal izango dituzte, eta beharrezkoa izango da horietatik 50 lortzea. Puntuak banatzeko orduan, aurreproiektuaren eduki teknikoan, esaterako, 20 puntu eskuratu ahal izango dira eta proiektuaren bideragarritasun ekonomiko eta finantziarioan, berriz, 40 puntu eskuratu daitezke. Langile guztiek euskara jakiteagatik eta bezeroen arretarako langileek frantsesa, ingelesa eta alemana jakiteagatik bost puntu lortu daitezke.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide