Zubizarreta: "18 eta 19 urtekoak zaindu behar ditugu, etorkizunean harrobia izateko"

Urola Kostako Hitza 2007ko api. 26a, 12:04
Jose Luis Zubizarreta Iraurgi Saski Baloi taldeko lehendakaria da.

EBAko Ligan 9. postuan amaitu du Lan Mobel ISBk, 14 taldetatik, eta entrenatzaile berria aurkitzen ari dira

Jose Luis Zubizarreta Iraurgi Saskibaloi klubeko zuzendariarekin izan da Urola Kostako Hitza (Urola Kostako Hitza)

Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldeak larunbatean bukatu zuen EBA Ligako denboraldia C. B. Galicia taldeari 102-79 irabaziz. Bukatu berri den denboraldiaz eta datorrenaz aritu da Jose Luis Zubizarreta ISBko zuzendaria (Azpeitia, 1961).

EBA Ligan bigarren denboraldia egin duzue. Zenbagarren bukatu duzue?

EBAn 14 taldek jokatu dugu eta gu 9. gelditu gara, igoera fasetik lau partidatara.

Aurten jaitsiera postuak nahiko urrun izan dituzue.

Azken zapi partidatatik bost galdu ditugu, irabazten joan eta bukaeran hiru puntugatik. Azken biak, ordea, irabazi egin ditugu. Beraz, aurretik egindako lanak salbatu gaitu.

Entrenatzaile aldaketa asko izan dira denboraldi honetan, ezta?

Bai, Lolo Encinas, Jorge Elordui eta David Rodriguez izan dira entrenatzaile. Horietatik Jorge Elorduik atera dio errendimendurik handiena taldeari eta, nire ustez, ongi irakurri zuen talde honek zuen beharra. Baina eskaintza hobe bat jasotzean, utzi egin zuen eta David Rodriguez jarri genuen azken zazpi partidetarako, Elordui egiten ari zenari jarraipena emango ziolakoan, nahiz eta emaitzetan, behintzat, ez den hori agertu.

Datorren denboraldirako entrenatzailea aldatuko al duzue?

Bai, David Rodriguezek Iraurgiko beste mailetan jarraituko badu ere, lehen talderako entrenatzaile berria bilatzen ari gara. Datorren asterako lotuko dugulakoan gaude.

Jokalarien artean aldaketarik bai?

Bai, Alex Astigarragak taldea utziko du, zuzendaritzan eta, agian, beste talde batzuetako entrenatzaile jarraituko badu ere. Eneko Etxeberriak eta Javi Hernandok, berriz, urte asko daramatzate, baina denbora asko jaten diela eta uzteko erabakia hartu dute. EƱaut Aranbarri da, goiko mailan, geratzen zaigun azpeitiar bakarra, eta datorren urtean ere jarraituko du. Hemen, 18-19 urteko gazteak zaintzen ari gara; gerorako goren mailara irits daitezen eta etorkizunean harrobia osatu dezaten.

Datorren denboraldia noiz hasiko da?

Denboraldi-aurrea abuztuan hasiko da eta Liga irailean.