70 urte eta gero Gernika gogoan

Lurdes Alberdi 1946tik Azpeitian bizi da, bere senarra zenaren herrian.

Lurdes Alberdik Gernikako bonbardaketa gertutik bizi izan zuen, gaur 70 urte

Uztarriaren Azpeitiarrak Espainiako Gerran liburuan jasota daude haren orduko bizipenak

Lurdes Alberdi azkoitiarra da (1917), eta 1936ko irailaren 20an egin zuen alde herritik, tropa karlistak herrian sartu ziren egunean bertan. Orduan hasi zen haren urteetako erbestealdi gogorra: Bizkaian lehenengo, Kantabrian (Espainia) gero, eta Frantzian.

Alberdi 1946tik Azpeitian bizi da, bere senarra zenaren herrian, eta Uztarria Kultur Koordinakundeak iazko irailean aurkezturiko Azpeitiarrak Espainiako Gerran liburuan parte hartu zuen (Amaia Mendizabal kazetariak egin zuen liburua). Izan ere, Alberdik gertutik bizi izan zuen gerra; besteak beste, Gernika-Lumoko (Bizkaia) bonbardaketa bertatik bertara.

Hain justu, gaur (osteguna) dira 70 urte Alemaniako hegazkinek Gernika-Lumo bonbardatu zutela, eta egun hura oroitzen ari dira gaur han. Uztarriak Alberdik Azpeitiarrak Espainiako Gerran liburuko elkarrizketan bonbardaketa hartaz kontatutakoa dakar gogora gaur. Liburua bera gaurtik sarean jarri du Uztarriak.

(…)Sukarrietan zeundeten garai hartan Gernikako bonbardaketa bizitzea tokatu zitzaizun.

Astelehenetan Gernikan azoka egoten zen eta arratsaldez hara joaten ginen, trena hartuta. Azkoitiar lagun bat nuen, Bermeon errefuxiatuta, eta harekin elkartzen nintzen Gernikako azokan.

Gernika bonbardatu zuten egun hartan ere joan ginen; 1937ko apirilaren 26a zen, astelehena. Buelta txiki bat eman genuen, eta nire aitarekin eta bere lagunekin egin genuen topo —Sukarrietan zeuden beste azkoitiar batzuk ziren tartean—. Haiek oinez joaten ziren Gernikara. Ikusi ninduenean, hala esan zidan aitak: "Hor dabilen abioi horrek ez dit batere graziarik egiten. Joan zaitezte etxera. Oraintxe daukazu hurrengo trena, 16:30ean". Horregatik dakit 16:30ak baino lehenxeago hasi zela Gernikako bonbardaketa, tren geltokitik ehun metrora geundela erori zelako lehenengo bonba. "Zer egin behar dugu?". Ingurura begira gelditu ginen. Geltoki alboan fabrika zahar bat ikusi genuen eta han sartu ginen, babestera. Ordura arte sekula ohartu gabe nengoen fabrika hura han zegoenik, baina orduan bai ikusi nuela... Zementuzkoa zen eta luzea, oso luzea.

Fabrikaren barruan pasatu genuen bonbardaketak iraun zuen denbora guztia. Han barruan topatu genuen, gure alboan, Balentxi azkoitiar sastrea. Geurekin batera egon zen.

Eta zuen aita?

Haiek bidean bueltan zeuden bonbardaketa hasi zenean. Metrailatzen hasi zitzaizkien eta pinu artean sartu ziren.

Gu, berriz, fabrika haren barruan. Lurrean zuloa izan bagenu, hantxe sartuko genukeen burua. Dum, dum, dum... Raka, raka, raka... Bonba eta metrailadoreen etengabeko soinua entzuten zen. Une batez geldi-geldi eta isil-isilik egoten ziren, baina berriro hasten ziren.

Denbora luzez isildu zirenean, geure artean esaten genuen: "Akabatu ote da honezkero?". Irten genuen eta dena erretzen ari zen. Non geunden arrastorik ez genuen. Izan ere, bagenekien non sartu ginen, baina gero ezin tankerarik hartu non irten ginen. Gainera, laguna galdu egin nuen. Bakar-bakarrik ni han, beraz. Banekien Sukarrietara joateko zubi bat gurutzatu behar zela eta hara abiatu nintzen. Zubira iristean izkinako etxea erretzen ari zela ikusi nuen, baita pareko etxea ere. Hala, ez zuten uzten zubi hartatik pasatzen. Jendea txalupa txiki batzuetan ari zen ibaia gurutzatzen. "Orain ni hor uretan?", nioen neure artean. Ez nuen nahi, urak beti eman izan dit-eta errespetu handia. Ez dakit nola baina ni, behintzat, zubitik pasatu nintzen.

"Orain zer egin behar dut?". Bakar-bakarrik eta Sukarrietatik bederatzi kilometrora. Kuadrila batekoei Busturiara zihoazela entzun nien. "Horiekin neu", pentsatu nuen. Arrastorik ez neukan zein ziren baina... "Busturiara iristen baldin banaiz, ez da gutxi", pentsatu nuen eta haiekin joan nintzen. Baina behin Busturian, ez ziren hurbildu Sukarrietarekin muga egiten zuen parteraino, askoz lehenago gelditu ziren. Handik aurrera bidean bakar-bakarrik segitu behar izan nuen, gaueko hamabietan, ni nintzen beldurtiarekin...

Zeure kabuz lortu al zenuen etxera itzultzea? Bakarrik?

Bidean nintzela han non ikusi nuen nire aita. Hura poza! "Nolatan irten zara zu nire bila?", galdetu nion. Sukarrietako gure etxearen aurretik errepidea pasatzen zen eta, atarian zeudela, kamioneta bat gelditu omen zitzaien. "Aizu, zure alaba ikusi dut, bonbardaketa pasatu eta gero", abisatu zieten. Alegia, bizirik nengoela jakin zutela. Orduan nire bila irten eta errepidean topatu ninduten. Eta etxera, etxera itzuli ginen biok.

Neure onetik irtenda nengoen, ordea. Edozein soinu txiki entzunda ere salto egiten nuen, sustatuta. Garai hartan niri ikaragarri gustatzen zitzaidan zinema, afizio handia nuen. Horrela, promesa bat egin nuen: zin egin nuen ez nintzela gehiago joango zinemara, baldin eta horren truke amesgaizto hura berehala bukatzen bazen, ordainetan gerra hartatik onik ateratzea lortzen bagenuen. Denbora askoan egon nintzen zinemara joan ere egin gabe, agindutakoa betetzeko.

Gernikako bonbardaketa gertatu eta berehala, han azaldu zen Sukarrietan gure aitaren anaia Antonio. Ezkongabea zen eta beti gurekin bizi izan zen. Gerran hura intendentzian egon zen lanean. Hau da, tropentzako gauzak inguratzen: jatekoa, arropa... behar zena. Kamioneta txiki batekin ibiltzen zen eta zerbait gertatzen zitzaigun bakoitzean, han azaltzen zen beti, laguntzera. Adi egoten zen, non zer gertatuko.

Sukarrietatik alde egitea erabaki genuen orduan, bonbardaketarekin jota gelditu ginelako. Muskizera joatea erabaki genuen. Bizkaia aldean oraindik, beraz. Osaba Antoniok eraman gintuen bere kamionetan. Gero eta gauza gutxiago generamatzan. Egoten ginen leku bakoitzean gauzak utzi behar izaten genituen, eta ez zitzaigun batere inporta, gainera. Halaxe joan ginen Muskizera.

Muskizko herriko abadea arrebarekin bizi zen eta haren etxean ipini gintuzten. Gurasoak, osaba abadea eta lau anai-arreba: ahizpa gaztea, anaia txikia, orduan oraindik gurekin zegoen beste anaia –nire hurrengoa, 2 urte gazteagoa– eta neu. Nik 19 urte nituen. Anaia gazteagoa, 17 urtekoa, harrapatu egin zuten gero. (…)

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide