Lan Mobel, 50 urte hazi eta hazi

Urola Kostako Hitza 2007ko mar. 8a, 11:03
Lan Mobel Kooperatiba, Atxubiagako poligonoan.

Enpresak 22 bazkide zituen 1957an sortu zenean

Gaur egun 140 bazkide eta 20 langile izatera iritsi da

(Urola Kostako Hitza)

Lan Mobel kooperatibak berrogeita hamar urte bete berri ditu hasierako lehen bilera egin zutenetik. Lehen bilera hori 1957ko otsailean izan bazen ere, lanean 1957ko abuztuan hasi ziren eta inaugurazio ofiziala 1958ko ekainean egin zuten.

Kooperatiba honen sorrera garai hartan zabaltzen ari zen kooperatiba mugimenduan kokatu behar da. "Urte haietan hasiera erraza izan ez bazen ere, ilusio handia" zutela esan du Antton Elorzak, Errektore Batzordeko Lehendakariak. Hasiera hartan, CooperaciĆ³n Obrera del Mueble izena zuen eta 22 bazkide zituen, Espainiako Estatuko merkatu esparruan jarduten zuen. Gaur egun, berriz, (1983tik) Lan Mobel izena du, 160 langile ditu (horietatik 20 kontratatupekoak) eta Espainiako Estatuan ez ezik, Portugalen ere saltzen ditu produktuak.

Balorazioa

"Urte hauetako balorazio ona egiten dugu, 1980tik 1984ra bitartera eta 1990 inguruan, Espainiako krisi urteekin batera, urte gogorrak izan ziren arren". Jarraitu edo ez jarraitu zalantzatan egon baziren ere, krisi sakon honek indarrak hartzeko balio izan zien: "Ekoizpen sistema eta antolaketa aldatu genituen 1984tik aurrera. Eskatutakoa ekoizten hasi ginen, ekoitzitakoa saldu beharrean".

Duela hiru urtetik Iraurgi Saskibaloi Taldearen babeslea da. Herriko kultur eta kirol taldeak bultzatzeko duten erabakiaren ondorio da.Udan egingo den urteurreneko ospakizunik ez dute prestatu; oraingoz, ideiak jasotzen ari dira.