Hurrengo urtera arte adio karnabalei

Saririk jaso ez bazuten ere, ederki landutako mozorroa atera zuen kuadrila honek.

Atzo bukatu ziren festak, euri artean

Maila ona izan zen helduen mozorro lehiaketan

(Ikusi karnabaletako argazki bilduma)

Atzo (asteartea) hurrengo urtera arte adio esan zieten azpeitiarrek karnabalei. Oro har, festa giro alaia eta jendearen parte-hartze handia izan dituzte ezaugarri aurtengo karnabalek. Euria ere protagonista, igandean eta atzo asko egin zuelako.

Jende ugari ibili zen astelehenean mozorrotuta kalean. Astelehen goizean mozorrotu ziren ume eta gaztetxoak, eta gauean egin zuten horixe helduek; maila ona izan zen.

Udalak helduen artean urtero antolatzen duen mozorro lehiaketaren sari banaketa astearte goizaldeko ordu bat eta erdi aldean hasi zen. Mozorroen gaiak askotarikoak izan badira ere, erlijioarenak toki handia hartu du. Izan ere, taldekako lehenengo eta hirugarren sariek erlijioarekin zuten zerikusia. Lehen saria jaso zuen taldea Aste Santuko prozesioz mozorrotu zen. Amabirjina eta guzti 1.000 euroko saria lortu zuten. Hirugarren saria eskuratu zutenak, berriz, lehen jaunartzez mozorrotu eta 600 euroko saria jaso zuten. Tartean, bigarren saria (800 euro) lortu zuten dantzariz jantzitakoek; diskoteka eta guzti ibili ziren kalean.

Bakarkakoetan ere izendatu zituzten mozorro onenak. Pantoja izan zen saririk onena jaso zuena (150 euro). Bigarren saria Loiolaren mozorroak eskuratu zuen (afaria Loiola Hotelean). Hirugarren mozorrorik onena, egiptoarrez mozorrotu zenak lortu zuen (LarraƱaga Jatetxean afaria).

Horiez aparte, aipamen bereziak egin zizkien Udalak hainbati. Hala nola, perutarrez jantzi ziren taldeari, su-hiltzaileei, Etxaniz etxeko andreari eta sevillana martxosari (saria: afaria).

Aurten lehenengo aldiz tabernentzako ere izan da saririk. Udalak Eguzkitzari eman dio sari berezia: ume gela baten itxuran apaindu zuten taberna eta zerbitzariek pijamak jantzita egin zuten lana.

Gaueko ordu txikiak igarota, astearte goizean ere sokamuturra izan zen. Astearte arratsaldean izan zen berriro sokamuturra. Bukatzeko, zezenaren hileta izan zen.

Hurrengo urtean sansebastianak pasatu eta bi astera izango dira karnabalak.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide