2008an eskualdeko euskarazko telebista sortzeko tramitazioa martxan

Uztarria 2006ko abe. 28a, 17:12

Martxoaren 23ra arteko epea egongo da proiektuak aurkezteko

Uztarriarentzat oso garrantzitsua da Urola Kostan euskarazko telebista sortzea

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 15 eskualdeetan telebista digital lokalak sortzeko lizentziak eska daitezke dagoeneko, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez. 2007ko martxoaren 23an bukatuko da proiektuak aurkezteko epea.

Gero, Kontratazio Mahaiak 2007ko ekain bukaera arteko epea izango du bere proposamenak egiteko, eta lizentziak lortzen dituzten jabeek 2008an hasiko dituzte emanaldiak.

EAEko 15 eskualde horietako bat Urola Kosta da eta hor ere, beste barrutietan bezala, Eusko Jaurlaritzak lau telebista kateren lizentziak banatuko ditu.

Kate horietako bat udalena izateko aukera dago. Azpeitiko Udalak baztertua du aukera hori. Zarautzek eskatuta du.

Eskualdeetan —besteak beste, Urola Kostan— euskarazko telebistak sortzeko eta bultzatzeko helburuarekin Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea aurkeztu zuten irailean EKT (‘Berria’ egunkariaren jabea eta ‘Hitza’ egunkarietako bazkideetakoa), CMNT (‘Deia’ eta ‘Noticias’ taldea), EKHE taldea (‘Gara’ eta ‘Euskal Herriko kazeta’ egunkariak), Euskaltel, Elkar argitaletxe eta banatzailea, eta Bainet ekoiztetxeak. Eskualdeetako eragileekin batera sortu nahi ditu telebistak.

Uztarria Kultur Koordinakundearentzat oso garrantzitsua da eskualdean euskarazko telebista sortzea, beste eragileekin batera.

Euskararen presentzia

Eusko Jaurlaritzak esan duenez, tokiko telebistetan “emisioetan lehentasunezko hizkuntza euskara izan dadin, euskararen erabilera sustatu beharko dute telebistetako operadoreek egiten duten eskaintzek”, eta euskararen erabilerari “lehentasuna” emango dio esleipen prozeduran, puntuazioan, “betiere, bideragarritasun ekonomikoaren eta teknikoaren baitan”.

Kontseiluak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion gutxienez bermatzeko tokian-tokian euskarazko telebista bat, baina Jaurlaritzak ez zuen hartu hori kontuan. Azpeitiko eta Zarauzko udalek, Uztarriak, Txaparro Zarauzko elkarteak eta ‘Urola Kostako Hitza’-k ere egin zioten eskari bat : Urola Kostan banatu beharreko lau lizentzietatik, hiru telebista kate euskarazkoak izatea, eskualdean euskaldunak %75 direlako.