Abrasivos Hermes enpresan lan hitzarmena sinatu dute

Langileek bertan behera utzi dute astelehenean abiatutako greba mugagabea

Akordioari esker, besteak beste, 2006 eta 2007an langileek KPI gehi 1,5 eko igoera izango dute soldatetan (Urola Kostakio Hitza)

Hiru greba egunen ondoren, Abrasivos Hermes S.A. enpresako zuzendaritzak eta langileen ordezkaritzak lan hitzarmen bat sinatu zuten joan den ostiralean (hilak 15). ELA sindikatuarentzat "oso akordio garrantzitsua da; izan ere, azken urteetan soldatek izan duten igoera eskasekin eta malgutasunaren erabilera mugagabearekin amaitu baita".

Akordioari esker, besteak beste, 2006 eta 2007an langileek KPI gehi 1,5 eko igoera izango dute soldatetan, bai eta bestelako ordainsari guztietan ere. Malgutasunari dagokionean, orain arteko erabilera murriztuko da, eta sektoreko lan hitzarmenak ezartzen dituen mugak errespetatuko dira.

"Borrokatuz emaitzak lortzen dira, eta elkartzen bagara, enpresetan antolatzea lortzen badugu, errespetatuak izango gara" gogora ekarri nahi izan die ELAk langileei. Enpresak 20 langile ditu gaur egun, zazpi produkzio lanetan, bi enkargatu eta sei komertzial. Gainontzekoak zuzendaritzakoak dira.

Landetako industriagunean dagoen enpresako langileek greba mugagabea hasi zuten astelehenean, altzarigintzako lan hitzarmena ezartzen zitzaielako eta hitzarmen hori 2000. urtetik berritu gabe zegoelako.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide