Zubiolak Urrezko Q jasoko du abenduan

Uztarria 2006ko aza. 22a, 16:11

Abenduaren 19an Donostian izango da saria emateko ekitaldia, Kursaalen

Orain bi urte jaso zuen Zilarrezko Q Zubiolak

Urte ona izaten ari da aurtengoa Zubiola Kooperatibarentzat. Aurten, 2006an, 40 urte bete dira kooperatiba bezala ibilbidea hasi zuela, eta ostiralean, kooperatibak duen funtzionamendua saritzeko Urrezko Q jasoko dutela jakin zuten.

Saria, abenduaren 19an Donostian Kursaalen jasoko dute, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak emanda.

Zilarrezko eta Urrezko Q sariak Europako EFQM ereduari ematen zaizkion sariak dira, eta Euskalitek ematen ditu. Zubiolak orain bi urte, 2004an, jaso zuen Zilarrezko Q. Iaz, berriz, Urola Ikastolak jaso zuen sari hori (Euskaliteko webgunean dago orain arte saritutako guztien zerrenda)

Maria Angeles Amenabar Zubiolako kudeatzaileak Uztarriari adierazi dionez, "guretzat oso garrantzitsua da sari hori jasotzea". Sari horren bidez, enpresen gestio ona saritu nahi izaten dute. Sarian ebaluaketa enpresa osoari egiten zaio, ez soilik zuzendaritzakoei, eta Amenabarren ustez, horrek ere "berebiziko garrantzia" du: "Kooperatibako jende askok hartu du parte ebaluazio horretan. Bezeroek duten iritziaz gain, bertan lan egiten dutenen iritzia ere kontuan hartzen baita". Ingurumena zaintzeko erabiltzen dituzten sistemak eta neurriak ere kontuan hartzen dituzte.

"Euskal Herrian urrezko intsignia duten industria enpresak ez dira asko eta nik uste horrek berak ere erakusten duela Urrezko Q-k duen garrantzia", dio Amenabarrek.